Euskaraz elkar mugitzeko aldiari ekin diogu

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 15a, 20:36

Txapa janzte masiboa irudikatu dute Okendo plazara bertaratutako ehunka herritarrek.

Hizkuntza ohiturak astintzeko 11 eguneko mugimendu sozialaren olatua hartu du Lasarte-Oriak ere, laugarren Euskaraldiaren hasiera irudikatzeko ekitaldia Okendon aurrera eramanda. Mila Ahobizi eta Belarriprest baino gehiagok izena eman dute.

Gaurko egun goibela alaitu du Lasarte-Oriako Euskaraldiaren hasiera ekitaldiak. Okendo plazan elkartu eta Ahobizi nahiz Belarriprest txapak elkarrekin jantzi aurretik, kaleak girotu dituzte Xumela koruko eta Oaintxe in deu! txarangako lagunek. Azken talde horrek gogotik ospatuko du bere hamargarren urteurrena etzi, beste lau txarangarekin batera, eta egun handi horretarako prest daudela erakutsi dute.

Herritarrek ere gogotik berotu dute hilabeteotan, gaur bertan hasi eta hilaren 25ean bukatuko den mugimendu sozialari tinko ekiteko: euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza hori ulertzen duten guztien hizkuntza ohiturak aldatzea helburu, Euskal Herri osoan barrena aurrera eramaten ari dira Euskaraldia. Ekitaldiaren aurkezle Maider Segurola kazetariak gogoratu duenez, "ariketa nazionala izanagatik ere, lasarteoriatarroi paparra pixka bat puzten zaigu plana honetan bertan [Okendon], kale hauetan, herri honetan jaio zirela Ahobiziak eta Belarriprestak duela bederatzi urte".

Sarreratxoa egin ostean, Euskaraldiaren Elkar mugituz egingo dugu leloa zertxobait aldatu eta Elkarrekin kantatuz egingo dugu gauzatu dute, Semblante Rociero koru andaluziarreko kideak oholtzatxora igo eta Mikel Laboaren Txoria txori abesti ezaguna interpretatu baitute, letra apur bat moldatu eta Euskaraldia hitza ere sartuta. "Txoriak airean hegan eta libre maite ditugunok, euskara ahotik belarrira ere horrela ibiltzea nahi dugulako", biribildu du Segurolak. Ondoren, oholtzatik jaitsi aurretik, koru horretako kide Carlos Blanco elkarrizketatu du, duela hiru urte Belarriprest izatetik orain Ahobizi izateko egindako jauzia azaltzeko.

Euskaldunak euskaraz, egunero

Erritmo bizian jarraitu du hasiera ekitaldiak. Euskaraldian izena eman duten David Pena galiziarrak eta Marc Bages kataluniarrak lekukotzak eman dituzte, Agustin Valdivia alkateak eta udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak hartutako rolak azaldu dituzte, bideo laburren lehiaketako sariak eman eta izen emate datuak jakinarazi dituzte: Ahobizi edo Belarriprest, mila herritar baino gehiagok ekin diote hizkuntza ohiturak aldatzeko 11 eguneko ariketari. Horietatik ugari bertaratu dira Okendora eta txapa janzte masiboa irudikatzeko talde argazkia atera dute. Ondoren, 2022ko Euskararen 10. Maratoialdiko zortzikoteko kide izandako zenbait herritar oholtzara igo eta dantzan jarri dituzte ekimenera joandakoak, propio prestatutako koreografia berri bat oholtzaratuta.

Ekitaldi polit eta koloretsua izanagatik, hitzetatik ekintzetara igaro behar orain: txapak beti begi bistan eta lehen hitza euskaraz. Eta hilaren 25a igaro ostean, zer? Ba, Segurolak azpimarratu duenez, hartutako konpromisoari eutsi eta euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hitz egiteko garaia izango da, "euskarak urte osoan behar baititu euskaldunak euskaraz".

Erlazionatuak

Euskaraldiaren hasiera ekitaldia

Txintxarri Aldizkaria mai 15, 21:08 Euskara