Euskaraldirako txapak banatzen hasi dira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 8a, 15:27

Ahobizi nahiz Belarriprest gisa aritzeko txapak jasoko dituzte herritarrek.

Aurreko hiru edizioetan bezala, aurtengo ariketan ere Ahobizi edo Belarriprest rolak hartuko dituzte Euskaraldian izena eman duten herritarrek. Koordinazio guneko eragileek gaur eta bihar banatuko dituzte txapa identifikagarriak, Okendo plazan, goizez (11:00etatik 13:00etara) nahiz arratsaldez (18:00etatik 20:00etara). Horrez gain, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuan eta Ttakun Kultur Elkartean eskuratu ahalko dituzte.

Euskara zerbitzuko ordutegia 09:00etatik 14:00etara artekoa da. Ttakun Kultur Elkartearen bulegokoa, berriz, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara artekoa (astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan itxita). Batzuek zein besteek gogorarazi dute hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa hilaren 15ean hasiko dela eta ordura arte zabalik egongo dela Ahobizi edo Belarriprest gisa izena emateko epea. 

Bideo laburren lehiaketa

Bestalde, Lasarte-Oriako Euskaraldiaren aurrekari gisa hilabeteotan aurrera eraman duten bideo laburren lehiaketako lanak bozkatzeko azken eguna igandea izango da, hilak 11. 

Lehiaketa horretako hiru kategorietako (bakarka edo binaka, taldean eta familian) sariak Euskaraldiaren hasiera irudikatzeko ekitaldian emango dituzte, datorren asteko ostegunean, 19:00etan, Okendo plazan.