Espero baino bideo labur gehiago jasota, horiek bozkatzeko epea zabalduko dute astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 2a, 08:00

Euskaraldira begira motorrak bero dituztela frogatu dute herritar ugarik, 27 ikus-entzunezko bidali baitituzte lehiaketara, ariketa soziala dinamizatzen ari diren koordinazio guneko kideen pozerako. "Gure aurreikuspenak gainditu dituzte", nabarmendu du udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak. Hilaren 5etik 11ra gustukoenak aukeratu ahalko dituzte lasarteoriatarrek, hiru kategoriatan: banaka edo binaka, kuadrillan edo taldeka eta familian. Euskaraldiaren hasiera ekitaldian banatuko dituzte sariak; 15ean izango da ekitaldi hori, Okendo plazan, 19:00etan.

Hizkuntza ohiturak astintzeko ekimenaren atarian balorazio agerraldi bat egin dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak, orain arte egindakoa eta hilabete amaierara arteko bidea errepasatzeko. Koordinazio gunea osatzen duten erakunde eta eragile horien izenean mintzatu dira udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkorta eta euskara elkarteko Kultura arduradun Arkaitz Ilarramendi. 

Hilaren 15etik 25era izango den Euskaraldirako motorrak berotzeko asmoz zenbait ekimen gauzatu dituzte hilabeteotan, horien artean, bideo laburren lehiaketa. Alkortak jakinarazi du 27 ikus-entzunezko jaso dituztela hiru kategoriatan: hamabost kuadrilla edo taldekakoan, zazpi familiakoan eta bost banaka edo binakakoetan. "Ez genuen espero horrenbeste jasotzea, hortaz, partaide guztiei zorionak egin duten ahaleginagatik", nabarmendu du zinegotziak. Lanak aurkezteko epea itxita, beste bat irekiko dute astelehenean, bideoak bozkatzekoa hain zuzen ere. Hilaren 11ra arte parte har dezakete herritarrek, hiru kategorietako lan bozkatuenak zeintzuk izango diren erabakitzeko.

Sari horiek, eta epaimahai profesional batek banatuko dituen beste hiruak ere bai, Lasarte-Oriako Euskaraldiaren hasiera ekitaldi nagusian emango dituzte antolatzaileek, hilaren 15ean Okendo plazan aurrera eramango duten horretan. 19:00etan hasiko da. Eguraldi txarra egiten badu, Antonio Mercero aretora lekualdatuko dute.

Beste mugarri batzuk

Ilarramendik hartu du hitza ondoren, hilabete honetan zehar Euskaraldiaren bueltan herrian izango ditugun beste mugarri batzuen berri emateko. Igande honetakoa izango da aurrenekoa, izan ere, Azkorteko ermitan 10:30etik aurrera egingo duten erromerian izena emateko eskuorriak eta materiala jarriko dute, tabernaren alboan. Hamar egun geroago GurasoLeku egitasmoko azken jaialdia aurrera eramango dute eta bertan, besteak beste, photocall bat jarriko dute bertaratzen diren familiek argazki polit eta koloretsuak atera ditzaten.

15ean, Euskal Herri osoan Euskaraldia hasiko den egunean, mintzodromo bat egingo dute Okendon, 10:00etatik aurrera, herriko bi euskaltegietako ikasleekin eta institutuko euskara batzordeko kideekin. Arratsalde horretan, esan bezala, hasiera ekitaldi nagusia egingo dute enparantza berean, edo eguraldi txarra egitekotan, Antonio Mercero aretoan.

Herriko eragile ugarirekin euskara sustatzeko lanean ari direnez, hilaren 17rako Oaintxe in deu! txarangak antolatuko duen topaketan ere jarriko dute postu bat koordinazio gunekoek. Hurrengo egunean, berriz, haurrentzako nahiz helduentzako film bana emango dituzte, euskaraz: Kaixo frida eta Faisaiaren irla. Bestalde, nola ez, Euskaraldiak protagonismoa hartuko du hilaren 22an eta 23an udaletako Euskara zerbitzuetako teknikariek egingo dituzten XVII. Udaltop topaketetan eta 23 arratsaldeko Bizipoza jaialdian.

Izena emateko azken egunak

Aurreko edizioetan bezala, Ahobizi edo Belarriprest rolak hartzen dituzten herritarrak izango dira 11 egun iraungo dituen ariketa sozialaren muina. Ehunka lasarteoriatar animatu dira honezkero baina Alkortak eta Illarramendik oroitarazi dute izena emateko epea zabalik dagoela oraindik eta Euskaraldiaren webgunea edota herrian zehar banatu dituzten guneak erabil ditzaketela interesa dutenek. Halaber, zehaztu dute rol bat edo bestea jokatuko dutenak identifikatuko dituzten txapak hilaren 8an eta 9an banatuko dituztela, Okendon, goizez (11:00etatik 13:00etara) nahiz arratsaldez (18:00etatik 20:00etara). 

Bestalde, aurreratu dute hilaren 25a igaro eta gero Euskaraldiak eman duena baloratuko dutela eta orduan hasiko dela "benetako ariketa", hau da, 11 egunetan astindutako hizkuntza ohitura horiek urte osoan zehar mantentzea.

Erlazionatuak