Beroketa ariketak egiteko tartea izan dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 13a, 13:30

Euskaraldiaren harira, herriz herri dabilen gune ibiltaria Okendo Plazara iritsi da, larunbat arratsaldean. Bertaratutakoek ekimenaren inguruko nondik norakoak jaso ez ezik, magia ikuskizun bereziaz gozatzeko aukera izan dute. 

Hilabete baino gutxiago falta da Euskaraldia hasteko. Alabaina, maiatzaren 15a ailegatu bitarte, Lasarte-Oriako Euskaraldiko Koordinazio Guneak beroketa ariketa egin du, herrian: gune ibiltaria. Usurbildik iritsita, hiru orduz egon da. 

Girotzeko eta animatzeko asmoz, ekimen honek hainbat helburu izan ditu. Alde batetik, Ahobizi eta Belarriprest gisa izen emateko aukera ematea, eta bertaratutakoen edozein zalantza argitzea edota informaziorako eskuorriak banatzea. Bestetik, Euskaraldiaren inguruko merchandisinga saltzea; besteak beste, kolore ugariko kamisetak eta tote bagak. Baina batez ere herritarrak prestatzea datorren hilean hamaika egunez egingo den ariketa sozialari begira. Orobat, Udalarekin batera antolatutako bideo laburren lehiaketaren berri ere eman dute koordinazio guneko kideek. Horretarako, karpa alboan ipinitako telebistan, orain arteko parte hartzaileen bideoak jarri dituzte. 

Horrekin guztiarekin batera, bertaratutakoek Asier Kidam magoaren ikuskizunaz gozatzeko tartea ere izan dute. Gasteizko artistak tresna izan ditu kartak eta txaponak, eta elementu horietaz baliaturik, gertuko magia egin du, hots, talde handiak publiko izan beharrean, pertsona gutxiri erakutsi dizkie bere trukoak. Kidam magoaren habileziarekin erabat txundituta, helduek zein haurrek ederki pasa dute. Inguruko tabernetara ere gerturatu da. 

Ordulariko orratzak gaueko bederatzietara iristean, gune ibiltariak Oihartzuneruntz partitu du Euskal Herriko txoko guztietan Euskaraldiaren oihartzuna zabaltzearren.