Behobiatik Donostiara korrika joatearen zirrara

Gorka Alvarez 2024ko aza. 15a, 07:00

Aurten ere iritsi da korrikalarion urteroko zita nagusienetariko bat. Korrikalariona diot, multzo horretan sartzeko baimena ematen badidazue. Ez nator gaurkoan 20 km baina gehiago izan direla eta kexu, ez nator bidean bizi izaten ditugun emozio ugarien harira idaztera. Azkenaldian, lasterketa herrikoien inguruan entzuten ari naizen hainbat astakeriaren inguruan iritzia plazaratzera nator.

Lasterketek aspaldi herrikoi izateari utzi ziotela, lasterka ibiltzea osasunarentzat oso kaltegarria dela, antolakuntzak negozioa bilatze aldera soilik antolatzen dituztela ekitaldi hauek, izen emateak oso garestiak direla, eta abar luze baten inguruan ari naiz. Hari mutur bati tiraka, ehundaka hitz askatzeko gaitasuna dutenen etengabeko jario horretaz, egiatik tarteka zerbait izan dezaketen horiena, baina sakontzean, gezurretik gehiago dutenaren itxura hartzen duten iritzi horietaz ari naiz.

Zuzena eta garbia izate aldera, aisialdia gizarte osasuntsu baten ohitura errotu moduan ulertu nahian, ez diot inongo heldulekurik ikusten, izan korrika ekitaldi herrikoi baten, edota beste edonolako kirol ekitaldi amateur bati, harriak botatzeko batzuek hartu duten ohitura trakets horri. Kirolean, festa kontzeptu bezala ulertuta ere, irabaztekoak gehiago dira galtzekoak baino, ikusita parez pare dugun festa eredua, astebukaeraro ikus dezakeguna eta argi uzten diguna alderaketan zein den errotu beharko genukeena. Guztia, ordea, ez da ez beltza ezta zuria ere. Kirol ekitaldi parte hartzaile hauek, gazteak beste festa eredu batetara hurbiltzea ekartzen digutelakoan nago eta askorentzat inoiz bizi gabeko lehen esperientzietara gerturatzea ere badakar. Asteetako eta hilabeteetako kirol jarduera bermatuz, froga edota ekitaldi zehatz batean parte hartzea, aitzakia bihurtuta kirolean jarduteko. Modu honetan, kirol ohitura osasuntsuak sustatzen ditugu, urtean zehar epe motz edo ertain batean behinik behin, eta horrek beste aisialdi eredu batzuekiko alderaketan, izugarrizko onurak dakartzala zalantzarik ez dago, gizarte aktibo eta parte hartzaile baten oinarrian ezinbestekoa.

Lasterketa hauek kontsumismoarekin erlazionatzen dituenik ere badago noski, baina nire ustetan gure inguruan ez da eredu nagusia bihurtu momentuz; zorionez. Gure inguruko ereduek zerikusi handiagoa daukate kirol elkarte desberdinek euren biziraupena ziurtatzeko bultzada jaso eta herri zein auzo mailan egiten dituzten eragile lan horietan bidea egiten jarrai dezaten, jasotako laguntza eta elkartasunetik.

Gizarte osasuntsua eta aktiboa nahi badugu, erronka handia daukagu benetan, horretan sinesten duten eragile, elkarte eta pertsonen zaintzan eta laguntzan esku bat botatzearekin eta ez erabat deitoragarriak diren aurkako jarrera anitz horiek indartzearekin. Inori min ematen ez dioten ekitaldi hauen aurka, etxeko besaulkietatik botatako hitz jario hutsal eta zentzugabeekin parte hartzea murriztu eta jendea kikiltzeko asmotan aritzen diren horienganako nire gaitzespen osoa agertzen dut.

Korrika, lasterka, antxintxika edo oinez; bakoitzak nahi eran, utz ditzagun bide bazterrean oztopo moduan erabili jarri nahi dizkiguten harri horiek eta altxa dezagun ipurdia etxeko egongelatik, kirola indartuz, bultzatuz eta sustatuz. Bide batez, gizarte aktibo eta osasuntsuago baterantz bidaiatzera lagunduko baikaitu.