Gaur hona beste gai bat ekarri nahi izan dut, ordea. Antza, azken asteetako gaia ez dela dirudi, baina berehala ikusiko duzue baietz.
Duela egun batzuk artikulu bat irakurtzen nuen ezetzaren inguruan, alegia, zergatik egiten ote zaigun horren zaila ezezkoa ematea. Artikulua irakurri ez ezik, nire buruari ere egin diot galdera, eta bai, bereziki ezetz esan eta mugak jartzea kostatzen zaien horietakoa naiz. Are gehiago, nire buruari barne erronka ezarri diot: ezetz esaten ikastea.
Oro har, pertsona gehienei kosta egiten zaie eurez espero den horri kontra egitea, pentsatuz besteei huts egingo dietela, bakea ‘puskatuko’ dutela… Baina emakumeoi bereziki eragiten digun zerbait delakoan nago: gure generoari erantsi zaion gurutze bat da besteekin atsegina izatea, ingurukoak kontent mantentzea…
Txikitatik baietza esaten erakutsi digute, baina ezetza hura bezain garrantzitsua dela kontuan hartu gabe. Hala, tresna horiek gabe mugak jartzeko zailtasunekin topatzen gara egunerokoan: topoan albokoak hanka zabalduta izkineratzen gaituenean, baimenik eskatu gabe frontoian atzealdean jokatzen hasten direnean (bai, duela gutxi gertatu zait) edo zure lankideak “nahi gabe” ipurdia ukitzen dizunean.
Spoiler asko egin gabe, Nevenka naiz filmean bada eszena adierazgarri bat. Ponferradako alkateak dagoeneko Nevenka Fernandezi abusuak eragin zizkiola, bidaia bat egitekoak ziren biak udaleko beste bi kiderekin batera. Autoz Nevenkaren bila pasatzen da alkatea, baina barruan gizona bakarrik dago. Neska izoztuta geratzen da; ez du autora sartu nahi, baina ez da ausartzen atzera egiten. Presio izugarria sentitzen du, ez bakarrik alkatearen aldetik, baita azken honek bide bakarreko errepidean autoa geldirik duela, atzean dauden auto gidariek klaxona jotzen hasteagatik ere. Nevenkak zer egin zuela iritzi diozue?
Ez gaituzte hezi gutaz espero denarekin apurtzeko, eta jada kosta egiten bazaigu ezetz esaten, pentsa halako egoeretan. Hain zuzen, horretaz elikatzen dira putreak, horien artean, pertsona eta pertsonaia nahasten dituzten horiek bezalakoak. Bazen ala ez gaurkotasuneko gaia?