Zuriñe Goikoetxea: "Itoiz taldearekiko errespetu handiegia izan bagenu hirurok, gauza batzuk ez genituen filmean aterako"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 4a, 17:15

Euskal dokumentalen bosgarren zikloa bukatu du Okendo Zinema Taldeak, 'Itoiz, udako sesioak' filmaren hiru zuzendarietako bat, Zuriñe Goikoetxea, kultur etxeko auditoriora gonbidatuta. Euskal Herriko rocka irauli zuen talde mutrikuarrari buruzko ikus-entzunezkoak herritar ugari erakarri ditu.

Larraitz Zuazo, Ainhoa Andraka eta Zuriñe Goikoetxeak ondutako lana da Itoiz, udako sesioak. Azken hori etorri da kultur etxera bertaratu diren ikus-entzuleekin hitz egitera, ordu eta erdi pasatxoko proiekzioa amaitu eta berehala. Alboan izan du Okendo Zinema Taldeko kide Mikel Yarza eta berak egin dizkio galdera gehienak, azkenean herritarren bat mikrofonoa hartu eta hitz egitera animatu den arren. 

Debakoa da Goikoetxea eta gertukoa izan du Itoiz, 1976tik 1988ra Euskal Herriko rocka irauli eta estilo progresiboago baten alde egin zuen talde mutrikuarra. "Bi herri horietara joaten naizenero tabernaren batean edo gidariren baten autoan entzuten dut Itoizen kantaren bat... oso garaikidea izaten jarraitzen du beraien musikak". Hiru zuzendarietako bakoitzak Itoizekiko zer-nolako harremana duen azaldu du segidan: "Larraitz [Zuazo] oso-oso zalea izan da beti, txikitako bere soinu banda dela esan ohi du; Ainhoak [Andraka] filma egin ahala gehiago sakondu du talde horretan; eta, niretzat, oso berezia izan da beraien musika, herriko jai guztietan entzun izan dut eta lotzen dut nire bizitzako lehenengo aldi batzuekin". Martxan jarri zirenetik "ardura handia" sentitu badute ere, uste du "oso ongi" etorri zitzaiela bakoitzak sakontasun maila desberdina izatea mutrikuarrekiko: "Beharbada horregatik ausartu gara kontu batzuk egitera, hirurok oso errespetu handia izango bagenu beraiekiko ba agian zenbait gauza ez genituen filmean aterako". 

Itoizi buruzko ikus-entzunezkoari izenburua eman zion udako sesioen zinta bat da kontakizunaren iturburua. Talde horretako abeslari eta ikono Juan Carlos Perezek gauza ugariri buruz hausnartuko du grabazio horretatik abiatuta: bere haurtzaroa, sormenerako grina, taldearen sorrera eta bilakaera, goren-gorenean zeudenean instrumentuak uzteko erabakia... Nolabaiteko bidaia katartiko bat egingo du 40-50 urte atzera egin eta iraganarekin berradiskidetzeko. Protagonista Perez bada ere, gainerako taldekideek ere parte hartu dute dokumentalean eta horri buruzkoa izan da Yarzaren hurrengo galdera: "70-80. hamarkadetako egiazko istorio bat berridatzi egin duzue nolabait. Kideen arteko debate handirik izan zen pantailara zer eta nola eraman erabakitzerakoan?". Ezetz erantzun du Goikoetxeak, "oso eskuzabalak" izan zirela musikariak zuzendariekin: "Utzi ziguten dena gure modura egin eta kontatzen".

Narrazioan errealitatea eta fikzioa uztartu dituzte. "Dokumentalak egitetik gatoz hirurok eta lan honekin hasi ginenean jabetu ginen hutsune asko zeudela istorioan, garai horietan artxibo gutxi zegoelako; ETB, adibidez, 1982an sortu zuten... Nola kontatuko genuen orduan gertatu zen guztia?". Gauzak horrela, fikzioaren bidez kontatu dute Perezen haurtzaroa, aktoreak zuzenduta. Aurrelan gisara, hamarkada horiei buruzko informazioa eskuratze aldera elkarrizketak egin zituzten eta konturatu ziren guztien kontakizunak traza berdinak zituela, "bidaia bat egin eta lehen aldiz kontatzen duzunetan bezala, narrazio hori hegemoniko gisa geratzen da eta gauza bera gertatzen ari zitzaigunez, zerbait berria kontatzea erabaki genuen".