'Indarkeriaren oi(h)artzunak' dokumentalak hasiera eman dio Euskal Dokumentalen Zikloari

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 10a, 09:45

Esteban Muruetagoienaren alaba Tamarak errekonozimenduaren eta egiaren bila egindako lau hamarkadako ibilbidea jakitera eman du ordubete inguruko dokumentalean

Indarkeriaren oi(h)artzunak hasiera eman dio Euskal Dokumentalen Zikloari ostiral arratsaldean Manuel Lekuona auditorioan. Ander Iriarte eta Amaia Merino zinegileek zuzendutako zintak tortura du ardatz, eta horretarako, Esteban Muruetagoienaren alaba Tamararen testigantzaz baliatu dira. Proiekzioa amaitzean, ikusleek tartea izan dute Iriarteri zenbait galdera egiteko. 

Dokumentalak 1982. urtetik hasita, gaur egunerako kronika gordina plazaratzen du. Izan ere, urte hartan hil zen Esteban Muruetagoiena Guardia Zibilak bederatzi egunez atxilotu, aske utzi eta hiru egunera. Lau hamarkaden ostean, haren familiak ez du jaso Poliziaren torturaren biktima izan delakoaren errekonozimendu ofizialik, baina Iriartek eta Merinok horrela irudikatu nahi izan dute: “Tamarak ez zaitu konbentzitu nahi, bere mina adieraztea eta onartzea baizik”, jakinarazi du Iriartek ikus-entzunezkoaren helburuari buruz solastatzean. 

Emakumearen diskurtsoa erdigunean jarrita, haren kamerari begirako lehen planoak eta Adur Larrea ilustratzailearen animazioak osatzen dute ordubete inguruko dokumentala. Oinarrian, zutik zurako elkarrizketa bat da. Zuzendari oiartzuarraren arabera, detaileek ez dute “axola” data batean Tamara konfunditu arren, bere errelatoa sinesten delako. Horregatik aukeratu dute Larrearekin lan egitea, bere estiloak oroitzapena era berezian irudikatzen duelako ez baitu guztia den bezala erretratatzen, baizik eta bakoitzari garrantzitsuena zaiona soilik.

Piezaren zuzendarientzako torturaren gaia ez da ezezaguna aurretiaz landu izan baitute Asier eta biok (2013), Echevarriatik Etxeberriara (2014), Non dago Mikel (2020) eta Karpeta Urdina (2022) lanetan, hain zuzen. Lan horiek amaitzean, Iriartek aitortu du nahiko “erreta” zegoela. Hala ere, Tamararen deia jaso eta 4-5 orduz hitz egin ostean, bere istorioa kontatu egin behar zutela konturatu zen: “Tamara harribitxia da bere janzkerak eta hizkerak torturaren biktimen eskemak hausten dituen zerbait badutelako”. Tertualian, ikusle askok ideia horrekin bat egin dute.

Harrera ona etxetik at

Indarkeriaren oi(h)artzuna dokumentalak oihartzun handia izaten ari da, eta hori dela-eta, askotariko jaialdietan erakutsi da eta publikoaren harrera "hunkigarria" izaten ari da. Hurrengo geltokia Malagako Zinemaldia izango du.