Okendo Zinema Taldeak Euskal Dokumentalen Zikloa bost urtez eskaini du. Horri esker, askotariko dokumentalak ikusteko aukera izan dute Manuel Lekuona kultur etxera gerturatutakoek; hainbat tematiketakoak, orotariko egileenak. Alabaina, aurten lehen aldiz otsaileko ostiral bat laburmetraiak proiektatzeko gorde da. Hurrenez hurren, horrelako lau ikus-entzunezko eman dira aste honetan; De agua y arena (2024), Telmo Irureta; Zona Wao (2024), Nagore Eceiza; Puzzleak, Bortxaketaren Jauregia (2024), Kote Camacho eta Europa (2024), Ekain Irigoien. Paseek ez dute geldiunerik izan. Hartara, film labur bakoitzaren bukaerako kredituak ondorengoaren hasierakoekin nahastuta, publikoaren txaloek proiekzioen arteko trantsizio lana egin dute.
Lau pieza eta lau gai. Nahiz eta haien artean oso ezberdinak izan, laburrek gizartearen zirrikitu ugari erretratatu dituzte, eta barietate hori bertaratutakoek asko estimatu dute, baita Nagore Eceiza zinegileak ere ikus-entzunezkoen sekuentziarekin asko "hunkitu" dela aditzera eman baitio auditorioko publikoari, geroko solasaldian.
Eskainitako lehenengo laburmetraia De agua y arena izan da. Bertan, Telmo Iruretak bere amak idatzitako gutun baten bitartez, entzefalitis herpetikoa harrapatu zueneko istorioa kontatu du. Hainbat gidoien eta muntaien ostean, azken emaitzarekin "oso pozik" agertu da artista zumaitarra. Izan ere, Iruretak ideia 2013an izan zuenetik, esfortzu handiz jardun da. Hortaz, aukera izandakoan, lantalde artistikoari eta teknikoari eskerrak eman nahi izan dizkio; haien artean, Teresa Calo aktore protagonistari, publiko artean zegoela aprobetxatuta. Orobat, Nagore Eceizak kolore zuzenketaren esparruan egindako "magia" ere aintzakotzat hartu du.
Ondoren, Zona Wao obrak hartu du lekukoa. Honetan, Nagore Eceizak erakutsi du Amazoniako indigenak petroleoaren erauzketa dela-eta pairatzen ari diren egoera latza; haren esanetan, asmoa "su artifizialik" gabe narratzekoa izan da. 2023ko haustekundeekin batera, zuzendariak Ekuadorrera bidaiatu zuen. Ariketa horiekin jarraitu ala ez, herriak hura zen bozketaren itauna. Testuinguru hartan, sakrifikatutako zonetako biztanleak elkarrizketatuta ondu du dokumentala.
Hirugarrena Kote Camachoren lana: Puzzleak, Bortxaketaren Jauregia. Ikus-entzunezko honek animazioa, baina batez ere egunerokoan grabatutako istantak erabiltzen ditu Kote Cabezudoren kasua jorratzeko. Horretarako, Camachok bortxatutako biktima baten testigantza plazaratzen du. Kontakizuna une traumatiko baten jartzen da martxan, hau da, neskak bere biluzi batzuk Interneten zintzilikatuta daudela ikustean. Baimenik gabe igo ez ezik, argazkilariak irudi horiek era mingarrian atera zituenez, emakumea amildegi emozionalean erortzen da. Hala ere, erasotu gehiago daudela jakitean, auzitegietara jotzen du.
Bukatzeko, Ekain Irigoienen Europa erakutsi da. Irigoienek istorioa urpeko Parisen kokatu du. Han baleak ikus daitezke Eiffel Dorretik hegan edota Louvreko sala ikonikoak arrainez beteta. Abiapuntu horretatik jarraituta, Lubna neskatoa da protagonista. Gerratik ihes egiteko, frantziar hiriburua iritsi berri da, baina gurasoak bere ondoan izan nahi dituela erregutzen du. Haurtzaroko tolegasbetasuna errealitate gordinarekin nahastu du donostiar zinegileak kontinente zaharreko arazo larrienetakoa lantzeko: Mediterraneo itsasoan itota hiltzen diren errefuxiatu askoren tragedia.
Hurrengo zita, Nafarroako mendietan
Zikloko hirugarren emanaldian, Oskar Alegriak zuzendutako Zinzindurrunkarratz (2023) dokumentala emango da. Paolo izeneko astoa eta Super-8 kamera. Bi elementu horietaz baliatuta, Alegriak garai bateko artzainek egindako transhumantziaren bidea berreskuratu du ordu eta erdi inguruko metrai honetan. Orain arteko funtzionamenduari jarraiki, toki eta ordu berean proiektatuko da, hots, kultur etxeko auditorioan, 20:00etan. Sarrerak 6 euro balio ditu.