Itxialdian, gurasoekin bizi zen Oskar Alegria. Halako batean, asperturik zela, etxeko armairu bat ireki eta familiako Super-8 kamera zaharra topatu zuen poltsa batean gordeta. Bateria ipintzen ari zitzaiola, "funtzionatuko ote du" galdetu zion bere buruari. Berehalako makinariaren doinuak baietz esan zion. Ezusteko hori ez ezik, bestelako sorpresa ere aurkitu zuen: bi bobina, egungoek ez bezala, soinua grabatzeko modukoak. "Zoriaren erronka" onartuta, Alegriak hori guztia bere dokumentalerako "bazka" izan duela jakinarazi dio Manuel Lekuona Kultur Etxera gerturatutako ikusleei.
Artxibo irudien bila hasita, zinegileak berehala lortu zituen kamera horrek grabatutako azken imajinak; duela 41 urteko urteberri festarenak. Bertan, amak amonari etorkizunerako desira bat kontatzeko eskatzen dio eta honek, erantzun egiten du. Aitonari, galdera bera, baina aitortzeko zorian dagoenean, metrajea moztu egiten da. Hutsune hori jarraiki ondu du zuzendariak pieza: "Aitonaren ahots galduari segituta, pelikula arkeologia ariketa bezala planteatu dut".
Hartara, kamera eskuan eta Paolo astoa alboan, Artazutik Andiamendurako bidea egin eta filmatu du, behinola arbasoak egindako transhumantziaren baitan, haren ahotsa bilatzeko asmoz. Bilobak eta aitonak hartutako ibilbideak ez dira berberak izan, garai hartakoa desagertuta baitago, baina Alegriari hori ez zaio axola; hura baino, arbasoen "ibilkera" eta "patxada" berreskuratu nahi izan dituelako.
Patxadak patxada, nabarmentzekoa bada isiltasuna dela nagusi, nahiz eta izenburuari soinua darraion. Zinzin hitzak mendiaren hegalean haize leunak egindako soinuari egiten dio erreferentzia. Durrundurrunek amiltze luzeari. Karratz, berriz, haitz baten aurka tximistek egindako zarata da. Ildo beretik, Alegriak aitortu duenez, aitonaren atzetik zebilela, bere ama hil zen. Horrek, ikus-entzunezkoari "bigarren geruza" txertatu zion: dolua. Zinzindurrunkarratz oso lagungarria izan zaiola onartu du martxan ikusitako paisaiak haren haurtzarokoak ere baitziren. Era berean, bitxikeria ere bada familiako Super-8ak erregistratutako azken ahotsa amarena izan zela, baita gurasoek gordetako bobina zaharrekin grabatutakoa ere. Kasu honetan, doinua Bixente artzainaren amarena da; azken fotograma horietan emakumeak sehaska kanta bat abesten agertzen baita.
Orobat, itxura ere berezia ere du nafarra aurretiaz aipatutako Super8-arekin jardun da-eta. Horrek "tentuz" filmatzera behartu duela aitortu du, "ezinbesteko planoak soillik" harrapatzera. Horren atzean, bi arrazoi zerrendatu ditu. Hasteko, halako zinten prezio altua. Bestalde, bere bidelagun Paolo. Astoak "moko finekoak" izanda, landarerik freskoenak jaten dituztelako. Filosofia horri kasu eginez, "gutxiago" filmatu du, eta horrela, bere planorik gustukoenak lortu dituela jakinarazi du.
Musika bukatzeko
Zikloko azken dokumentala Itoitz Udako Sesioak hurrengo ostirala hilak 28an emango du OZTk, toki eta ordu berean: kultur etxeko auditorioan, 20:00etan. Sarrerek, beti bezala, 6 euro balio dute. Betiko dinamikari jarraiki, proiektuko zuzendariak ere gerturatuko dira.