Oliver Bourgeois eta Emma Josefina Pettersson-en Red Alert On Coral film laburrak eman dio hasiera itsaspeko zinema zikloaren azken saioari. Egileek Singapurren grabatutako irudiak erakutsi dituzte, eta koralezko Arrezifeen etorkizuna planetako ekosistema baliotsu eta hauskorrenetako bat kontserbatzeko premiaz hausnartu ahal izan dute ikusleek.
David Galvañ Fernandez-en Raja Ampat. The last paradise . Dokumental horren bitartez Indonesiako uharte horietako ur gardenetan murgildu dira bertaratu direnak. Horrela, urpeko bideoak planetako ekosistema dibertsitate handienetako baten bihotzera bidaiatu ahal izan dute.
Azoreetan barrena
Pepe Brix-en A Truly Plastic Neutral Fishery izan da erakutsi duten hirugarren lan laburra. Azoreetako flotaren bidaia erakustearekin batera, atunaren arrantza arduratsuaren birdefinizioa ere egin du. Horrez gain, plastikoek eragindako kutsadura ere erakutsi du, eta horrekin guztiarekin batera, Portugalgo eremu horretan arrantzaleek euren jarduna aurrera eramateko metodo berritzaileak eta plastikorik gabeko arrantzaren aldeko konpromisoa aztertzen du filmak.
Magic os the Macroverse-ren txanda izan da gero. Alfred Schaschl-en lana da, eta gizakiaren eta ozeanoaren arteko harreman sakona erakutsi du. Itsaspeko irudi ederrak ikusi ahal izan dituzte ikus-entzuleek, eta jabetu dira, baita ere, ozeanoa babestearen beharraz.
Shireen Rahimi-ren Heart of the Sea izan da ikusi duten azken film laburra. Klima aldaketaren ondorioz Bermudetan jasaten ari diren mehatxuen berri izan dute ikusleek.
Film luze bat, amaitzeko
Jose Hernandez eta Felipe Ravina-ren Nika- El calderon tropical film luzea izan da aretoan bildutakoek ikusi duten azken ikus-entzunezkoa. Tenerifeko Nika izeneko kalderoi tropikalaren irudiak erakutsi ditu. Horren bitartez, aipatu uharteko egungo egoeraren eta bertako biodibertsitatearen gaineko kezka ere azaleratu dute, izan ere, eskualde horretan baitago munduko kalderoi tropikal populazio handiena.
Arestian aipatu bezala, hirugarren eta aurtengo zikloko azken ikus-entzunezkoen emanaldi saioak harrera ederra izan du, eta hori del-eta, pozarren agertu dira antolatzaileak.