Itsasoko dragoi hostodun, marrazo eta arrezife artean bidaiatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 18a, 08:00

Zortzi film labur eta dokumental luze bat ikusi dituzte Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioa bete duten herritarrek, XVII. Itsaspeko Zinema Zikloaren barruko bigarren emanaldian. Egitasmoaren helburua itsas hondoa ezagutzea eta hori zaintzearen garrantziaz kontzientziatzea da. 

Neoprenoa, betaurrekoak, hegatsak eta oxigeno bonbona jantzi beharrik gabe murgildu dira itsas hondoan lasarteoriatarrak. Kultur etxeko besaulkietan eseri eta bidaia zirraragarri bezain koloretsu bati ekin diote, aurtengo Itsaspeko Zinema Ziklorako (Lasarte-Orian hamazazpigarrenez aurrera eramaten ari dira) film laburrak nahiz luzeak ekoiztu dituzten egileen eskutik. Ezagutu dituzte, adibidez, Australian bizi diren itsas dragoi hostodunak, izaki benetan bitxi eta espezialak; jakin dute zer-nolako sarraskiak egiten ditugun gizakiok marrazoekin, beraien eraso bakoitzeko ehun milioi hiltzen baititugu urtean; eta mirestu dituzte Kanariar Uharteetako sumendien eztanda suntsigarrietatik eratutako bizitza, arrezifeen forma duena. Urtero lez, ur azpian dagoen altxorra erakutsi gura dute ekimenaren antolatzaileek, baina baita gizakiaren jarduerak eragindako kalteak eta ondare preziatu hori zaintzearen premia. 

Hamazazpigarren aldiko hirugarren eta azken emanaldia datorren asteko astelehenean egingo dute, kultur etxeko auditorioan, 19:00etatik aurrera. Gogorarazi dute sarrera doakoa dela. Halaber, itsas hondoarekiko jakin-mina dutenek aukera dute horri buruzko argazki erakusketa ikusteko, eraikin bereko aurreneko solairuan, 17:00etatik 20:00etara, hilaren 27ra arte.

Lasarteoriatarrek lepo bete dute kultur etxeko auditorioa, zikloko bigarren proiekzioaz gozatzeko.

Azarora arteko bidea

Arrakasta handiko ekimena da Itsaspeko Zinema Zikloa eta datozen hilabeteetan toki ugaritara eramango dute:

  • Martxoan: Deba, Iruñea eta Hondarribia.
  • Apirilean: Azpeitian.
  • Maiatzean: Zumarraga, Errenteria eta Zumaia.
  • Ekainean: Bilbon eta Tenerifen (Kanariar Uharteak).
  • Uztailean: Pasaiko Mater museoan, Zero zabor uretan egitasmoaren barruan.
  • Abuztuan: Bakioko aquariumean, Itsas Film Festibalaren egitarauaren baitan.
  • Irailean: Hernanin eta Pasaian.
  • Urrian: Portugaleten eta Tolosan.
  • Azaroan: Vigon (Galizia).