Itsas hondoa zaintzearen garrantziaz jabetzeko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 6a, 10:01

XVII. Itsaspeko Zinema Zikloaren aurkezpena egin dute berriki. Hilaren 10etik 27ra bitarte, hiru dokumental eta hainbat film labur ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta, itsas hondoa ezagutzeaz gain, bertan ezkutatzen den gizakiak eragindako kutsadura eta horrek sortzen dituen ondorioez hausnartu ahal izango dute bertaratzen direnek. Saio guztiak doakoak izango dira, eta ohi bezala, aurten ere herriko txikienek ere izango dute ekimenean parte hartzeko aukera. Berrikuntza gisa, iragarri dute aurten zikloa Atsobakar egoitzara ere eramango dutela. Ikus-entzunezko batzuk proiektatuko dituzte bertan ere

Manuel Lekuona Kultur Etxean aurkeztu dute XVII.  Itsaspeko Zinema Zikloa, eta iragarri dute hilaren 10etik 27ra bitartean izango dutela interesdunek egitasmo hortaz modu batera edo bestera gozatzeko aukera. Agustín Valdivia alkateak, Kultura saileko zinegotzi Ainara Elicecheak, Danok Kide Guraso Elkarteko ordezkari Jesús Mari Eguizabalek, eta ekimenaren zuzendari David Sánchezek eman dituzte xehetasun guztiak.

Valdiviak hartu du hitza lehenik, eta, esan, itsaspeko zinema zikloa garrantzitsua dela ingurumenarekiko kontzientzia hartzeko: "Batzuetan itsasoa Lasarte-Oriatik urrun dagoela pentsatzen dugu, baina gogoratu behar dugu itsasoa gu geu garela, gure ekintzekin hasten dela hori zaintzeko konpromisoa. Gure herrian Oria ibaia da gure  itsasoarekin dugun lotura, eta hori babestea ere gure ardura da", adierazi du. Hala, herriko hustubideetan udalak jarrita dituen karteltxoez mintzatu da gero; Itsasoa hemen hasten da esaldia irakur daiteke horietan guztietan. 

Elicecheak, berriz, azpimarratu du  itsaspeko zinema zikloak "aukera paregabea" eskaintzen duela itsaspeko mundura gerturatu eta irudi ikusgarriak ikusteko. Gaineratu du, itsasoak zaintzeko dagoen beharraz jabetzeko aukera ere ematen duela egitasmoak, eta, hitzartzea amaitu aurretik, herritar guztiak ikus-entzunezkoen emanaldietara eta erakusketa ikustera joan daitezen gonbidatu ditu. 

Itsaspeko zinema zikloaren zuzendari David Sanchezek hitz egin du ostean. 17. aldiaren programaren xehetasunak eman ditu. Kontatu du hiru astelehenetan proiektatuko dituztela ikus-entzunezkoak; otsailaren 10ean, 17an eta 24an, izango dira horiek, eta egun bakoitzean dokumental ezberdin bat proiektatzeaz gain, zenbait film labur ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Horietan guztietan itsaspeko edertasuna antzemateaz gain, gizakia hori nola kaltetzen ari den ere ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek: "Aurten, irudien edertasunaz harago, mezu argia helarazten duten ekoizpenei lekua eman nahi izan diegu. Film bakoitza ozeanoen hauskortasunaz eta gure gizarteak duen erantzukizunaz ohartarazteko deia da".

Aurreko aldietan bezala, ikastoletako gaztetxoek aurten ere izango dute aipatu zikloaz gozatzeko aukera. Hilaren 10ean, 10:00etan Manuel Lekuona Kultur Etxean beraientzako saio bat aurrera eramango dute. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartuko dutela jakinarazi du Sanchezek, eta esan, itsas ekosistema ezagutzera hurbiltzea eta ingurumenarekiko jarrera arduratsua sustatzea duela helburu.

Emanaldi guztiak doakoak izango direla gogorarazi dute antolatzaileek, eta hori hala izan dadin Lasarte-Oriako Udalaren eta Danok Kide Guraso Elkartearen babesa azpimarratu du Sanchezek. 

Aurtengo zikloaren berrikuntza zein izango den ere iragarri du. Kultur etxean ikusiko diren zenbait ikus-entzunezko Atsobakar egoitzan ere proiektatuko dituztela jakinarazi du, nahiz eta momentuz, ez duen horren gaineko bestelako informaziorik eman, egoitzako arduradunekin jarduera hori noiz aurrera eraman lantzen ari baitira. 

Argazki erakusketa

Halaber, otsailaren 10etik 27ra bitartean argazki erakusketa bisitatzek aukera izango dute lasarteoritarrek.  Bertaratzen direnek itsasoen edertasunean murgiltzeko aukera izango dute, itsaspeko argazkilari ospetsuek ateratako irudi ikusgarriei esker. Ohartarazi dute astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango dela hori, 17:00etatik 20:00etara, Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian.

Proiekzioak, egunez egun: 

  • Hilak 10, astelehena:
    • Shark Man - The Depths Within, Peter Loesekek Polinesia Frantsesean filmatutako film laburra.
    • Kallaikoi - El mar de las meigas, Jorge Martínez Vázquezen lana, Galiziako ur hotzetan eta planktonaren ugalketan sakontzen duena.
    • Metropolis - A Day in Reef City, Luca Kellerrek zuzendua, Indonesiako, Maldivetako eta Timor-Lesteko arrezifeetan barrena 14 minutuko bidaia bat.
    • Nadar con Fantasmas, Damián Ramos Díazek Kanarietan egindako kontserbazio-lanaren testigantza.
    • Urak Lawoi, Brothers of the Sea, Telmo Iragorrik eta Manuel Coronadok zuzendutako 70 minutuko dokumentala, Thailandian grabatua.
  • Hilak 17, astelehena
    • A Dragon’s Dance, Dean Spraakman australiarraren 5 minutuko film laburra.
    • Equilibrio: El balance oculto del océano, Juan Carlos García Carrillorena, Mediterraneoan eta Maldivetan filmatua.
    • Anima Oceani, Rafael Herrero Massieuren lan bat, Kanariar Uharteetan grabatua.
    • Islas Cíes: biodiversidad amenazada, José Irisarri Castroren 5 minutuko film laburra.
    • Sharks, Leandro Blancok zuzendutako 7 minutuko film hunkigarria, marrazoen ustiapen komertzialaren errealitatea azaleratzen duena.
    • Momentos, José Carlos Rando Lararen film laburra, Malagan eta Granadan grabatua.
  • Hilak 24, astelehena 
    • Red Alert on Corals, Olivier Bourgeois eta Emma Josefina Petterssonen 4 minutuko film laburra, koralezko arrezifeen krisia lantzen duena.
    • Raja Ampat. The last paradise, David Galván Fernándezek zuzendua, Indonesiako uretara eramaten gaitu.
    • A Truly Plastic Neutral Fishery, Pepe Brixen dokumentala, Azoreetako arrantzaleen plastikozko neutraltasunaren bilakaera azaltzen duena.
    • Magic of the Macroverse, Alfred Schaschl-en film irabazlea, ozeanoaren mirari txikienak erakusten dituena.
    • Heart of the Sea, Shireen Rahimi bermudiarraren 10 minutuko lana.
    • Nika - El calderón tropical, Felipe Ravina eta José Hernándezek zuzendua, urrezko Barandilla irabazi duena.