Zentzumenen platera

Gorka Lasa 2024ko aza. 29a, 07:00

Ostegun arratsaldea da eta zeru grisak estali du sukaldetik ikusten dudan tontor gaina. Eguna laburra izanik, argia pizturik hasi naiz burua, bihotza eta eskuak bat eginik sukaldeko osagaiak eta tresneria prestatzen. Bere orriak zurituz, labana zorrotz hotzarekin taula gainean jarri eta tipula xehatu dut. Ondoren, olio epela zartaginean kiribiltzen hasi denean, bertara gehitu eta su eztitan goxatzen utzi dut.

Bitartean, patatak arretaz zuritzen ditut, bakoitza nire eskuetan jirabiraka. Zatitzea artea bihurtzen da; patata irregular batetik xafla mehe erregular berdinak eta dotoreak sortuz.

Ustekabean lehen usainak inguruan zabaltzen dira irudimena piztuz, tipula gorrituaren usain gozoa airean. Soinuak ere bertan dira, tipulak olio berotan dantzan eta xuxurlatu egiten du, burbuila errepikakorrak sortuz dena sintonia neurtu baten barruan. Patata gehitu dut, eta egurrezko koilara batez lagundurik, mugimendu arin eta neurtu batzuekin dena nahastu. Koloreak ere aldatuz doaz, horituz, gorrituz, margolan baten gisan. Eta sukaldean ere atmosfera berezi bat sortu da; beroa, usaina, lurruna, soinua… Ederra! 

Kontu handiarekin ontzi ertzean kraskatuz hautsi ditut arrautzak. Urre koloreko islak sortu dira, eta bakoitzak istorio txiki bat gordetzen duela dirudi, naufrago eta piratena. Mugimendu arinekin guztia irabiatu eta gatza gehitu. Bizitzak gatza eta piperra behar omen ditu, baina neurrian. Olioa berotzen hasi da, ke xumea dariola, eta nahasia isuri dut batasun perfektu batean dena uztartuz.

Buelta emateko unea iritsi da, tentsio unea. Bizitzak berak sortzen dituen beldur eta emozio berdinekin zartagina airean hartu, eta di-da batean jiratu eta arrakasta lortu dut.  Patata tortilla osorik atera da, borobil, urrezko tonuarekin. Plater gainean kontu handiz pausatu eta mahaira, isiltasuna, miresmena…

Kozinatzea, bizitza sentitzeko modu bat da, denboran galdu eta zentzumen guztiekin une bakoitza bizitzeko aukera ematen didana. Honen emaitza plater batean biltzen da; hala ere, ez da jaki bat soilik, istorio bat ere badakar; maitasuna, denbora, pazientzia, irudimena, emozioa, oroitzapena, itxaropena uztartzen dituen istorio goxo bat. On egin.