Areto horretara igotzeko, eraikin zaharreko arkupeetan elkartuko dira antolatzaile eta partaideak. Aurkezpen bilera horren helburu nagusia da gure herriari bizia ematen dioten horiek aktibatzea eta udaberrian aurrenekoz egingo duten Euskaraldiaren nondik norakoak esplikatzea. Behin elkartuta, maiatzerako motorrak berotzen hasteko balioko duen talde argazkia ere aterako dute.Antolatzaileek ohartarazi dute bilera horretan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dutela. Bide batez, jakinarazi dute entitateek badutela Euskaraldian inskribatzeko aukera eta hilaren 12an bertan egin ahalko duela tramite hori hala nahi duenak.
'Elkar mugituz egingo dugu'
Euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozialaren laugarren aldiak berrikuntza batzuk dakartza. Horietako bat, nabarmenena ziur asko, data aldaketa: orain arteko hiruak udazkenean egin dituzte eta aurtengoa, berriz, udaberrian izango da, esan bezala, maiatzaren 15etik 25era; 11 eguneko jarduna, beraz. Norbanako, eragile eta entitateak mobilizatzeko leloa hauxe izango da: Elkar mugituz egingo dugu.
Euskaraldian parte hartzeko rol nagusiak ez dira aldatuko: Ahobizi edo Belarriprest izan ahalko dute partaideek eta soinean txapak jantzita adieraziko dute bat edo bestea izango direla 11 egun horietan zehar. Ahobiziek euskaraz esango dute aurreneko hitza beti eta hizkuntza horretan hitz egingo dute, parean dutenak edo dutenek beste hizkuntza batean hitz egiten badute ere. Belarriprestek, berriz, adieraziko dute edonork ahalko duela beraiekin euskaraz hitz egin, hizkuntza hori ez mintzatuta ere ulertzeko gai eta elkarrizketa bat izateko gai badirelako.
Momentuz udalerriek (Euskal Herri osoko dozenaka herri eta hiri batu dira ekimenera dagoeneko) edota entitateek izena eman dezakete Euskaraldiaren atari digitalean: https://euskaraldia.eus/. Antolatzaileek iragarri dute martxoan irekiko dutela norbanakoak inskribatzeko epea.