Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatu dute udalerria ofizialki

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 4a, 10:06

2001etik hona %12 hazi da udalerriko etxebizitza eskaintza. Biztanleria, berriz, %14.

Etxebizitza bat alokatzea edo erostea gero eta zailagoa da edozein udalerritan eta Lasarte-Oria ez da salbuespena. Hori dela eta, Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatua izateko eskaera egin zuen udalak irail amaieran (Gipuzkoako hirugarren herria izan zen) eta orduan bidali zion dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzari, erakunde horrek beharrezko tramiteak martxan jarri zitzan. Agerikoa zen egoera hori lau hilabete geroago ofizial egin dute, eta, jakinarazpena jaso berritan, albistea baloratu du Agustin Valdivia alkateak: "Oso pozik gaude, alokairuaren gainean neurriak hartzen hasiko garelako".

Argitu du, hori bai, Estatuaren Buletin Ofizialean argitaratu behar dutela lehenago. "Eskaintza urria dugu alor horretan, oso garestia da eta ez du ia ezer irauten merkatuan. Horren aurrean, gure jabetzakoak diren bizitoki huts gutxi horiek merkaturatu behar ditugu, eta, zein baldintzatan eskaini behar ditugun jakiteko, ikerketa bat abiatuko dugu, etxebizitza kanona aplikatzen hasteko eta babes ofizialekoak izango diren etxeak eraikitzen hasteko; gero, alokairura bideratuko ditugu horietako zenbait".

584 etxebizitza

Alkateak gogorarazi du duela zenbait hilabete onartu zutela Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), eta dokumentu horretan jaso zutela Babes Ofizialeko 584 etxebizitza eraikitzea; horietatik 300 alokairukoak izango direla zehaztu du. Horrez gain, gogoratu du gaur egun Maialen Chourraut kiroldegia dagoen eremuan 88 apartamentu eraikiko dituztela, herritar gazteek "emantzipatzeko aukera gehiago" izan ditzaten. Bukatzeko, Donostiarekin mugakide diren gainerako udalerriak animatu ditu tramitazioa hasi eta Etxebizitza Eremu Tentsionatu izentzeko eskatzera: "Guk pairatzen dugu tentsio gehien merkatu libreko alokairuari dagokionean". Datuak eskuetan, Lasarte-Oriako biztanleria %14 hazi da 2001etik gaur egunera arte. Tarte horretan, bizitoki eskaintza %12 areagotu da eta, horregatik, Valdiviak onartu du "etxebizitza eskasia" dagoela oraindik.

Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatua izateko baldintzetako bi behintzat betetzen ditu gure udalerriak. Alokairuaren prezioa %17 ez, %18,15 hazi da azken bost urteetan eta lasarteoriatarrek euren diru sarreren %30a baino gehiago bideratzen dute hileroko kuota ordaintzera, zehazki, %32,2. Adierazle horiek kontuan izanda irail amaieran hasi zituen tramiteak Lasarte-Oriako Udalak, Eusko Jaurlaritzari beharrezko dokumentazioa bidalita. Bide horri ekin dion Gipuzkoako hirugarren herria da gurea.