"Lanean ari gara Lasarte-Oria leku bizigarriagoa eta atseginagoa izan dadin"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 16:22

Ezker-eskuin: Juan Carlos Abascal, Agustin Valdivia eta Denis Itxaso, Basaundi bailarako obretan.

Basaundi bailarako etxebizitzak zaharberritzeko lanak bisitatu dituzte gaur goizean Eusko Jaurlaritzako eta Lasarte-Oriako Udaleko ordezkariek. 8 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dute hamabi ataritako 119 etxebizitza birgaitzeko lanek.

Goizeko hamarretan ekin diote bisitari Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuorde Juan Carlos Abascalek eta Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak. Lanak nola doazen ikusi eta gero adierazpenak egin dituzte Basaundin bildu diren hedabideen aurrean.

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

 

Basaundi bailaran aurrera eramaten ari diren esku hartzea Berpiztu programaren eta Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (NextGenerationEU) barruan dago eta 8.060.511,32 euroko aurrekontua du. Ia erdia NextGenerationEU funtsak finantzatzen du (3.359.040 euro) eta Eusko Jaurlaritzak (2.390.000 euro) nahiz Lasarte-Oriako Udalak (1.820.588,07 euro) ere egin dituzte ekarpenak. Etxebizitzak zaharberritzeko proiektuan herritarrek partu izana nabarmendu du Itxasok: "Auzo eta hiriak birgaitzea ez da soilik espazioak eraldatzea, baizik eta komunitaten beharrak entzun eta horiei erantzutea". Horri lotuta, adierazi du "oso beharrezkoak" direla gisa horretako esku hartzeak Euskal Autonomia Erkidegoen, etxebizitza bloke dezentek dituztelako "60 urte edo gehiago".

Udalerriko alkateak nabarmendu du obra horiekin "irisgarritasun unibertsala" lortuko dutela Basaundirako: "Eraikin guztietan igogailuak jarri eta apartamentu blokeen efizientzia energetikoa hobetuko dugu". Halaber, balioan jarri du birgaitze egitasmoa, euren etxeetan bost hamarkada baino gehiago daramatzatzen bizilagunek aukera izango dutelako bertan bizitzen jarraitzeko, etxebizitzen ezaugarriak XXI. mendeko beharretara egokituta. "Errotuta daude auzo honetan eta ez dute beste norabaitera joan beharko". 

Esan bezala, hamabi eraikinetako 119 etxebizitza zaharberritzen ari dira, hau da, auzoaren %75. Igogailuak atariaren eta eskailera kaxaren kanpoaldean jartzea erabaki dute, goiko solairuetako etxebizitzak balkoiekin lotuta. Itxasok azaldu duenez, espazio publiko berriak sortu eta azpiegiturak hobetuko dituzte, ingurunea "irisgarriagoa eta iraunkorragoa" izan dadin: "Lanean ari gara Lasarte-Oria leku bizigarriagoa eta atseginagoa izan dadin". 

Eremu tentsionatua

Basaundira egindako bisita baliatu dute erakundeetako ordezkariak Lasarte-Oriako Udalak egin berri duen tramiteari buruz hitz egiteko, hau da, udalerria eremu tentsionatu izendatzearena. Dokumentazioa irailaren 26an bidali zioten Eusko Jaurlaritzari eta Itxasok jakinarazi du proposamena aztertzen ari direla Etxebizitza sailean: "Gehienez hiru hilabete izango ditugu Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzeko". Hori gertatzen denean zenbait neurri hartu ahal izango ditu udalak: alokairuen prezioei mugak jartzea edota amaitzera doazen alokairu kontratuetarako urtebeteko hiru luzapen ezartzea. Bestalde, sailburuak balioan jarri du udalak duen hiru urterako plana, herriko etxebizitza babestuen eskaintza handituko duena. 

Horrez gain, alkateak babes ofizialeko etxeak eraikiko diren eremuak eta udalak Eusko Jaurlaritzari utziko dizkion lur zatiak erakutsi dizkie Itxasori eta Abascali. "Kotxeras inguruan alokairuko babes ofizialeko 180 etxebizitza ditugu, 180 etxebizitza tasatu", azaldu die. Gainera, egin dute dagoeneko Oriagaineko hitzarmena: bi erakundeak ehun etxebizitza sozial eraikitzen hasiko dira; horietatik 40 elkarlanekoak izango direla zehaztu du Valdiviak.