Gipuzkoan tenkatutako eremu izendatzeko eskaera egin duen hirugarren herria izan da Lasarte-Oria; atzo eguerdian egin zuen, erregistro bidez.
Jakinarazpena egitearekin batera, egungora arteko prozesua nolakoa izan den azaldu du Agustin Valdivia alkateak. Lehenik eta behin, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Merkatu Tenkatuko Eremu izan zitezkeen udalerrien zerrendan argitaratua izan zela Lasarte-Oria. Ostean, urtarrileko udalbatzarrean Stop Desahucios taldeak mozio bat aurkeztu zuela ekarri du gogora; horren bidez, aipatu taldeak eskatu zuen, besteak beste, Lasarte-Oria eremu tentsionatu izenda zedila. Eskaera horren aurrean, udal korporazioak izandako jarreraren gainean mintzatu da gero, eta esan, talde guztiek erabateko adostasuna agertzearekin batera, gaia lantzeko bideari ekin ziotela, hala nola, kontratazio prozesu bat martxan jarriz. Lanketa hori Ikertaldek aurrera eraman du; bera arduratu da herria eremu tentsionatu izendatu dadila eskatzeko aurkeztu beharreko hiru dokumentazioak egiteaz.
Lehenengo dokumentua diagnostiko zehatz bat da, eta alkateak adierazi duenez, horrek garbi adierazten du Lasarte-Oriak udalerri bat eremu tentsionatu izendatzeko bete beharreko baldintzak betetzen zituela. Bi betekizun behar dira izendapen hori lortzeko; lehenik eta behin kontuan hartzen da 2017 eta 2022 urteen artea alokairuen prezioek %17 baino gehiago hazi ez izana, eta Lasarte-Oriaren kasuan, %18,15eko igoera izan dutela zehaztu du. Bigarrenak, berriz, herritarrek alokairuak ordaindu ahal izateko egin beharreko ahalegin ekonomikoari erreparatzen dio. Horri dagokionez, azaldu du herritarrek bataz besteko diru sarrerak kontuan hartuta, horretara bideratu beharreko ehunekoak ezin duela %30 baino altuagoa izan, eta lasarteoriatarren kasuan, %32,2koa dela portzentaje hori.
Herriak azken urteetan bizitu duen hazkundeaz (biztanleei dagokionez) mintzatu da gero; esan du, zentzu horretan 2001, urtetik hona %14 hazi dela. Horrekin lotuta, aipatu du etxebizitza kopuruari dagokionez %12ko hazkundea izan duela Lasarte-Oriak, baina hala eta guztiz ere, oraindik etxebizitzen eskasia dagoela.
Diagnosiaren ostean, plana
Hartu beharreko neurrien plana izan da Ikertaldek landutako bigarren dokumentua. Udalerri gisa, hainbat proposamen egin dituzte bertan. Ahotan izan ditu Oriagain eremuan Eusko Jaurlaritzak eraikiko dituen eta alokairu sozialera bideratuko diren 100 etxebizitzak. Egungo kiroldegia dagoen lur sailaz aritu da gero; gogorarazi du eremu hori gazteen emantzipazioa ahalbidetzeko apartamentuak eraikitzera bideratuko dutela (hori egikaritzeko akordioa sinatua dute Eusko Jaurlaritzarekin). Hori aurrera eraman ahal izateko, ordea, kiroldegi berria martxan jartzea ezinbestekoa da. Azkenik, Kotxeras eremuan eraikiko dituzten bizilekuez hitz egin du; 893 etxebizitza eraikiko dituzte bertan guztira, eta horietatik 180 bideratuko dituzte alokairu sozialera, eta beste hainbeste izango dira tasatuak. Basaundi bailarako birgaitze prozesua aurrera eramaten ari direla ere ekarri du mahai gainera. Hori guztia esanda, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe plan hori guztia aurrera eramatea ezinezkoa litzatekeela.
Hutsik dauden etxebizitzen gaineko azterketa bat egiteko asmoa ere agertu du Valdiviak. Azaldu du Ikertaldek egindako diagnosiak adierazten duela hutsik dauden etxebizitzen kopurua %7koa dela Lasarte-Orian, baina datu horrek "azterketa sakonagoa" behar duela, besteak beste," etxebizitza horietan inor erroldatua ez egotean, ez duelako esan nahi hutsik daudenik".
Hirugarren dokumentua, memoria
Memoria da aurkeztu duten hirugarren dokumentua; horrek justifikatzen du diagnosian eta proposatutako neurrien planean bildutako informazioak argi erakusten duela Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatua izan behar duela, eta hori hala izan dadin, Eusko Jaurlaritzari kolaborazioa eskatzen zaio.
Prentsaurrekoa amaitu aurretik Valdiviak ohartarazi du gutxi gorabehera hiru hilabeteko epea igaroko dela eskaeraren entzuna jaso eta herria eremu tentsionau izendatzeko.