ESKUTITZA

Olentzero eta Mari Domingiri gutuna

LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde Plataforma 2024ko abe. 20a, 07:00

LOOPA plataformako kideek honako eskutitz hau bidali dute TXINTXARRI aldizkariaren erredakziora:

Kaixo Olentzero eta Mari Domingi miresgarriak.

Aurten jaio gara. Apirilaren 12an herrian egindako manifestazio jendetsuan eman genituen gure lehenengo pausoak. Jaioberriak gara, beraz, baina ez da horregatik idazten dizuegula. Ez. Berez, Osakidetzako Zuzendaritzari idatzi beharko genioke gutun hau. Baina egia esango dizuegu: Osakidetzako arduradunengan baino zuengan daukagu konfiantza gehiago.Horregatik idatzi zuei, Osakidetzako kudeatzaileak miresgarriak ez direlako. Lasarte-Oria dugu lekuko: biztanleriaren erdiak medikurik ez duenean ezin dira miresgarriak izan.

Ezen, Plataforma honen eskaerari jarraituz, alkatea Donostialdeko ESIko arduradunekin bilduzenean horixe esan zioten: hamabi mediku-kupo eta erditik sei bete gabe zeudela; baina urtea bukatu baino lehen kupo horietako lau beteta egongo zirela LEP baten bidez. Esan esan zioten, esatea erraza baita. Baina aste gutxi batzuk fata dira eta guk galduta dugu konfiantza jada: jaioberriak gara, baina ez inozoak. Horregatik idazten dizuegu zuei, agindutako lau bakante horiek gutxienez betetzea eskatzeko. Izan ere, errealistak izanik, beste aukera ez dugu ikusten urtarrilerako plaza horiek beteta egoteko.

Tira, behin zuei gutuna idazten hasita, aprobetxatu eta zerbait gehiago eskatu nahi dizuegu. Ez da ezer miresgarria, oinarrizko zerbait baizik: kalitatezko osasun zerbitzua jasotzeko dugun oinarrizko eskubidea bermatzea, horixe eskatzen dizuegu. Hori Lehen Arreta indartzetik pasatzen da derrigorrez. Horregatik, aurrera begira Osakidetzako buruek ezartzeko asmoa duten eredua, zeinean familien osasun-erreferentea erizaina izango den eta ez medikua, inoiz ez gauzatzea eskatzen dizuegu. Pertsonak helburu dituen Osasun Publiko baten kontrako norabidean doa eredu hori. Eskatzen dizuegun ereduan familien osasun-erreferenteak diziplina-arteko talde egonkorrak dira (medikuak, erizainak, pediatrak, langile sozialak, osasun mentala... osatuta), ikuspegi komunitario batez lan egingo dutenak, prebenitzeko, zaintzeko eta, behar denean, sendatzeko. Gauza frogatua da epe ertain eta luzean heriotza-tasak murrizteko eredu eraginkorrena dela.

Izan ere, zuek, Mari Domingi eta Olentzero miresgarriak, inoiz ez zarete gaixotzen eta ezin duzue jakin, baina une honetan, Lasarte-Oriako Anbulategira joatea Horkonpontegira joatea bezalakoa da, dauden mediku gutxi denetara ezinean ari baitira, eman behar duten arreta eman ezinean. Eta Hernaniko larrialdietara bazoaz, han beste Horkonpontegi bat, askotan erizain bat baino ez dago eta. Zinez, horrela jarraituz gero, Osakidetza deitu beharrean, Horkonponkidetza deitu beharko genioke. Hori inoiz ez gertatzea eskatzen dizuegu. A, eta euskaraz artatuak izateko eskubidea ere eskatzen dizuegu!

P.S.: Olentzero eta Mari Domingini bidalitako gutuna aprobetxatuz, lasarteoriatarrei ere eskakizun bat luzatu nahi diegu. Kalitatezko Osasun Publikoaren defentsa guztion kontua dela pentsatzen dugu LOOPAn. Horregatik, aurrerantzean egiteko asmoa dugun ekintza bat prestatzeko, eta anonimotasuna mantenduz beti ere, zuen testigantzak jaso nahiko genituzke, Osakidetzara joan eta tokatu zaizkizuen egoerak ezagutzea gustatuko litzaiguke. Lagundu nahi izanez gero, gure emailera bidal ditzakezue zuen lekukotasuna: lasarteoriaopa@gmail.com.