Dozenaka herritarrek bat egin dute LOOPA plataformaren mobilizazioarekin

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 30a, 14:04

Osasun publikoaren defentsan zorrotz eta irmo jarraitzen du Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataformak. Gaur goizean mobilizazio bat aurrera eraman du Okendo plazan aurrera eraman duen azken ekimenarentzat atxikimenduak biltzeko: Correoseko bulegora joan eta kexa bat bidali dio Arartekoari, 1.500 herritar baino gehiagoren sinadurak bildu ostean, "noiz eta Osakidetzak udalerriko osasun zentroan beharrean aritu diren bost langileri kontratuak etengo dizkien egun berean".

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren herritarren eskubideak defendatzea da Arartekoa erakundearen zeregina. Bere atea jotzea erabaki dute LOOPAko kideek eta udalerriko osasun egoerari buruzko kexa bat aurkeztea, horri jaramon egin eta Osakidetzako arduradunarekin bil dadin. "Gaur egungo gabeziei irtenbidea emango dien talka plan bat aurkeztea eskatu diogu", jakinarazi dute. 

Ekintza horren deialdia aurreko egunetan egin zuten LOOPAkoek eta arrakasta izan du, izan ere, dozenaka herritar bertaratu dira 11:30ean Okendo plazan egin duten kontzentraziora. Eragile horretako kideetako bik, Arantxa Otaegik eta Begoña Castrok, manifestu bat irakurri dute euskaraz nahiz gaztelaniaz. Ondoren, Geltoki kalean Correosek duen bulegorantz abiatu dira manifestazioan, Osasun publikoaren alde lehen arreta indartu lelodun afixa eskuetan hartuta. Bertara iritsi direnean bete-beteta zegoen gutunazal bat hartu eta tramitea egitera sartu dira Otaegi eta Castro, Rosa Ormazabalekin batera. Minutu gutxitara atera dira, bidalketa egin dutela berresten duen agiria eskuetan. Txalo artean hartu dituzte parean zituzten manifestariek.

Bost kontratu eten

Ekimen sinboliko hori aurrera eraman duten egun berean Osakidetzak udalerriko osasun zentroko bost langileren kontratuak etengo ditu, LOOPAko kideek beraiek agerraldian jakinarazi dutenez. Horrekin batera, garrantzitsuak iruditzen zaizkien beste zenbait "hutsune" zerrendatu dituzte.

"Gabezietan larriena" iruditzen zaiena da "Osakidetzako arduradunek etorkizunerako iragartzen duten osasun publikoaren eredua". Azaldu dute familientzako erreferentziazko pertsona ez dela medikua izango, erizaina baizik. "Zer medikuntza prebentibo mota egin daiteke horrela?". LOOPAk defendatzen du ardura hori diziplinarteko talde egonkor batek (medikua, erizaina, pediatra...) izan behar duela, "taldean lan" egingo duena eta "prebentzio, babes eta sendatze lanak" egingo dituena. "Ikerketa zientifiko guztiek erakusten dutenez, hori bezalako sendagai eraginkorragorik ez dago heriotza tasak epe ertain-luzean murrizteko".

Bestalde, udalerriak hamabi kupo –mediku bakoitzari esleitutako pertsona multzoa– eta erdi ditu eta uneotan sei bete gabe daude, lau hutsik daudelako eta beste bietan iraupen luzeko bajak dituztelako langileek. "Lasarte-Oriako biztanleen ia erdiek ez dute medikurik", salatu dute. Horri guztiari gehitu behar zaizkie oporraldiak eta iraupen laburreko bajak, gaur-gaurkoz ordezkatzen ez direnak. Osakidetzako arduradunek Agustin Valdivia alkateari uztailean bilera batean esan ziotenez, kupo horietako lau Lan Eskaintza Publiko (LEP) baten bidez beteko dituzte, abendurako. LOOPAkoak "eszeptikoak" dira iragarpen horrekin: "Ikusten dugunean sinetsiko dugu". Arduradunek esandakoa beteta ere, beste bi tokik hutsik jarraituko dutela gaineratu dute.

Larrialdi zerbitzurik gabe

Asteburuetan larrialdi zerbitzurik ez izateak ere kezkatzen du osasun publikoaren aldeko herritar taldea. Arduratuta dago gabezia horrengatik eta baita Osakidetzako kudeatzaileen justifikazioagatik: "2012tik aurrera ezarri zen zerbitzu hori aparteko gauza bat izan zen, Donostialdean mediko gehiegi zeudelako". Norabide horretan, ulergaitza zaie "momentuko zirkunstantzien arabera" gestionatzea sistemaren baliabideak, "herritarren osasun bebharren araberako plangintza baten barruan" antolatu ordez. "Zer plangintza arduragabea da, urte gutxiren buruan, mediku gehiegi edukitzetik apenas kupoen erdiak beteta izatera garamatzana? Herritarrok azalpen bat merezi dugula uste dugu".

Horren guztiaren aurrean, LOOPAko lagunak "sinetsita" daude "kaltetutako herritarrak" direla euren eskubideen defentsaren gidaritza hartu behar dutenak. Gogorarazi dute eragilea irekia dela eta bat egin nahi dutenek lasarteoriaopa@gmail.com helbide elektronikoaren bidez jar daitezkeela beraiekin harremanetan.