Duela hiru urte Zaldibar zona cero liburua aurkeztera etorri zenean baino kilometro gutxiago egin behar izan ditu Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari bizkaitarrak, gaur-gaurkoz Ordizian bizi baita. "Gipuzkoarekin adiskidetzen ari naiz", bota du sarreran, txantxetan. Jarraian, azaldu du "botereak ezkutatuta mantendu nahi dituen datuak azaleratzea" dela bere lana, eta, Osakidetzaren kasuan, ilargia bailitzan, "aurpegi ilunena" ikertu duela. "Haserre aterako zarete hemendik, albiste txarrak ekarri baititut". Hori esatearekin batera, ordea, nabarmendu du den-dena ez dela txarra, honako adibide hau jarrita: "Osakidetzan ilaren alde nago, demokraziaren isla direlako. Itxaron egin behar ditugu. Beste gauza bat da saturazioak eragitea, nahita, jendea sektore pribatura joan dadin".
Hasierako hitzartzean erabili duen broma kutsua azkar utzi du albo batera Zelaietak, iaz argitaratu zuen Diagnóstico Tolosaldea. La privatización de la sanidad en el oasis vasco liburuaren mamia azaltzen hasi denean. Iñigo Urkullu lehendakari jeltzale ohiak esandakoa ekarri du gogora: "Ausartu zen esatera euskal oasiaren koroaren harribitxia zela Osakidetza. Hori horren garrantzitsu eta kuttuna izanda horrela zaindu badute, pentsa ezazue nola kudeatzen ari diren beste alor asko eta asko, Osakidetzak bezainbeste arreta erakartzen ez dutenak...".
'Osasuna zainduz' plana, "inflexio puntua"
Osakidetzaren egoera ikertzen hasi zenean, ohartu zen sistema "unibertsal" baten urratsak egin zituztela agintariek hasieran: "Gastu publiko handia eginda, errentagarritasuna ez zen helburua". Une horretan, gerora EAJ alderdiarekin Bilboko alkate izan zen Iñaki Azkunak garai horretako ospitale pribatu handienetako bat publiko bilakatu zuen: Basurto. "Horrek ahalbidetu zion gero alkate bilakatzea, izan ere, nork ez zuen bozkatuko hori egin zuen pertsonaren alde?". Tolosan dagoen Asuncion klinikarekin, ordea, ez zuten gauza bera egin. "Ongi dakizuen bezala, gipuzkoarrak bigarren mailakoak zarete; ez zarete bizkaitarrak, ez zarete Athletic-ekoak...", bota du Zelaietak, ironiaz.
Osasun sistema publikoaren pribatizazioaren "inflexio puntua" Osasuna zainduz plana izan zela zehaztu du ikerketa kazetariak. "1991n jarri zuten martxan Azkunak berak eta Rafael Bengoa sozialistak, garai horretan bere konfiantzazko gizona zenak. Espainiako osasungintza ez ezik, Euskadikoa ere pribatizatzea adostu zuten". Arestian aipatutako egitasmo horrekin "erregimen ekonomikoko sozietate" bilakatu asmo zuten Osakidetza eta bere funtzionatzeko moduaren "ardatz nagusia" errentagarritasuna izango zen. "Une horretan, pazienteei bezero deitzen hasi ziren".
Osakidetza, "pobreentzako zerbitzua"
"Osakidetzako ilararen batean gaudenean, bertan gauden guztiok daukagu plastikozko txartel berbera. Kontu korrontean bost milioi euro izan ala bakarra, berdin artatuko gaituzte. Sektore pribatuan, ordea, ez", bota du Zelaietak. Horren ostean, azpimarratu du osasun sistema publikoaren arduradunen asmoa "argia" dela: "Pobreentzako zerbitzu bilakatu nahi dute dirurik ez inbertitzen eta pixkanaka-pixkanaka desegiten".
Gaur egungo lehendakari Imanol Pradalesen (EAJ) diagnostiko egitasmoaz aritu da ondoren. "Arazoa, bere ustez, jendea Osakidetzara gehiegi joaten dela da, zaharregia dela eta gaixotasun gehiegi dituela. Autokritika izpi bat ere ez du egin".
Osasungintza publikoaren pribatizazioak bere bidea egiten segitzen duela nabarmendu du Zelaietak eta horren erakusle dela gaur egun Osakidetzak kontzertatu egiten duen guztia: "Lehen arreta, garbiketa... baita haurren osasun mentalaren zerbitzua ere". Horri lotuta, aurtengo "bost kontzertazio potoloenak" Osakidetzak berak egin ditu, 451 milioigatik. Horren atzean dago, kazetariaren hitzetan, sistemaren "kultura berria" delakoa: "Itxarote zerrenda gero eta luzeagoak, herriz herri kontsultak itxi, arta aurrez aurre eman beharrean kontsulta telematikoak egitea sustatzea...".
Agintari eta arduradunen kudeaketarengan jarri du foku gehiena lan honetan, baina osasungintza publikoa erabiltzen dutenengana ere zuzendu da: "Pazienteen arteko elkarlan kulturarik ez dago, bakoitzak bere atarian duena konpondu nahi du eta horraino". Edonola ere, itxaropentsu izateko moduko datuak badaudela azpimarratu du, esate baterako, Osakidetzak aurreneko aldiz ez gainditu izana (hamar puntutik 4,8 eman dizkiote herritarrek) Euskobarometroaren galdeketa.