EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Ubera, EH Bilduko osasun idazkaritzako kide eta mediku Karlos Ibarguren eta Lasarte-Oriako EH Bilduko zinegotzi eta gizarte langile Oihan Agirretxek "partekatu dituzte osasun sistema publikoa hobetzeko gakoak". Ubera izan da hitza hartzen lehena eta Osakidetzaren gaur egungo egoerari buruzko zertzelada ugari eman ditu. Esate baterako, zein den zerbitzu hori kudeatzen duten agintari eta arduradunen politika: "Kontsumo azkarreko osasun zerbitzua ematea dute xede eta horrek ezin du horrela izan, jarraikortasuna funtsezkoa da". Ideia horri lotuta, azpimarratu du zaindu egin behar dituztela osasun langileak, kontratu egonkorrak eta baldintza duinak emanda, lanean hasi eta denbora gutxira sektore pribatura joan ez daitezen. "Ebidentzia zientifikoak erakusten du medikuek egiten badute pazienteen bizpahiru urteko jarraipena, horien hilkortasuna %13 jaisten dela".
Osakidetzaren barruan "gauza asko" aldatu behar direla adierazi du legebiltzarkideak. Horietako bat, erabaki ahalmena izango dutenen izendapena, izan ere, "nahierara" izendatzen dituzte zuzendari eta arduradunak: "Legea bete, betetzen dute, baina izendapenen behar bezalako kontu emateak ez dituzte ematen; oso erakunde itxi eta hierarkikoa da".
Kontrola, Osakidetzak berak
Ibargunerek adibide praktiko batzuk jarri ditu adierazteko Osakidetzako zerbitzu gehienak azpikontratatuta daudela eta ez dituela zerbitzu horrek berak kudeatzen, kanpoko enpresa batzuek baizik. Larrialdiena da horietako bat. "Argi dugu Osakidetzak kontrolatu behar dituela, baina, horrela ez denez, hainbat arazo sortu dira". Behar bezalako arreta emateko, ezinbestekoa iruditzen zaio langile guztiak koordinatzea eta egin beharreko urratsak adostu eta idatziz jasotzea, "prozesu asistentziala" deritzonean. Kontzeptu horrek barnebiltzen du paziente batek laguntza edo arreta eskatzen duenetik ematen zaionera arte egin beharreko guztia. "Denek jakin behar dute guztiek zer egiten duten".
Bestalde, jakinarazi du "handia" dela beharginen "behin-behinekotasuna", eta hori ez dela kasualitatea: "Arduradun eta agintariei ez zaie interesatzen langileen baldintzak egonkortzea; behartu egiten dituzte sektore pribatura joatera, bertan ere nahikoa behargin egon daitezen".
Erroldatuta ez daudenen egoera
Galderetarako tartea ireki aurretik, Agirretxek kontatu du zer gertatzen zaien Lasarte-Orian erroldatuta ez dauden pertsonei: "Ezin dute familia medikuarekin hitzordu bat lotu, ez eta arreta espezializatua jaso ere. Pertsona asko daude egoera horretan gure herrian bertan". Bestalde, kontatu du "zailtasunak" izaten dituztela gizarte langileek osasun mentalaren alorrean lan egiten duten profesionalekin koordinatzeko, eta horren eragina "oso kaltegarria" dela premia hori dutenentzako.
Ondoren, esan bezala, bertaratutako herritarrek galdera eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten.