Jendetza bildu da osasun etxearen aurrealdean ekintza hasi aurreko minutuetan. Deitzaileetako batzuek eutsi dute Osasun publikoaren alde. Lehen arreta indartu lelodun pankarta eta haien atzean biltzen joan dira herritarrak. Ilada luzea osatu dute eta Elizatze plaza zeharkatuta Kale Nagusian aurrera egin ahala agerikoagoa egin da adin tarte guztietako lasarteoriatarrek osasun zerbitzu publikoaren aldeko aldarriari emandako babesa. Tajamar biribilgunea inguratu eta Geltoki kaletik Askatasuna plazara joan dira, handik Okendo plaza zeharkatu eta Kale Nagusira bueltatu dira Zumaburura bidean. Abiapuntuan amaitu den ibilbidea osatu artean zenbait aldarri oihukatu dituzte partaideek: Osasunaren alde, elkarrekin hobe; Osasun sisteman konponbidea eman; Osasuna eskubidea da; Osasuna, berdintasuna...
Manifestazioaren burua anbulatorioko eskaileren goiko aldean jarri da, eta haien aurrera eta ingurura hurbil zitezen eskatu diete partaideei. Azken manifestariak iritsi artean, txoko batean plataformaren eskarien aldeko sinadura bilketa egin dute. Denak heldu direnean Carmen Bellok, euskaraz, eta Purificación Prietok, gaztelaniaz, irakurri dute deitzaileen adierazpena.
Anbulatorioan osasun arloko profesionalik ez egoteak eta Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) egindako kudeaketa eskasak lasarteoriatarrengan eragindako ondorio "oso larriak" laburbildu dituzte:
- Aurrez aurreko hitzordu bat lortzeko itxaronaldiak "izugarri luzatu" dira, horrek diagnosi berantiarrak egiteko dakarren arriskuarekin, hortaz, bai herritarren bizi kalitatean bai bizitzan ondorioak ditu.
- Osasun langileen artean dagoen estres-giroa, eta ondorioz, beraien artean baja gehiago gertatzea; horrek guztiak muturreko tentsio egoeretara eramaten dituelarik. Hortaz, herriko anbulatorioa ez da "lan egiteko leku erakargarria".
- Aipatu estresak paziente bakoitzari eskaintzeko denbora eskasarekin batera, diagnosi okerrak egiteko "arriskua areagotzen" du. "Paziente moduan dugun pertzepzioa da gauza hala moduz eta ziztu bizian egiten direla".
- Falta diren medikuen pazienteak gainerako medikuek artatu behar dituzte txandaka. Horrek "ziurgabetasun giroa" piztu du pazienteengan "ederki esplikatzen duena" itxarongelan behin eta berriz errepikatzen den esamesak: "Ea norekin tokatzen zaidan gaur". Hori profesionalen egonkortasunari lehentasuna eman beharko liokeen Espezialitate Komunitarioan gertatzen da. "Ez da nahikoa medikuen plaza guztiak betetan egotea, gaur gaurkoz gertatzen ez dena. Ezinbesteko da mediku eta pazienteen arteko ezagutza, konfiantzazko harreman batetik abiatuta bakarrik baita posible prebentzio medikuntza egitea. Medikuak ez baitira botika saltzaileak, eta pazienteak ere ez baikara osasun-txartelaren zenbakia: pertsonak gara denok".
- "Muturreraino estutzen ari dira medikuen lana", eta, ondorioz, bajak edo beste arrazoiak medio, mediku bakoitzak bere pazienteez gain, bertaratzen ez diren lankideenak ere artatu behar ditu. Behartutako hitzorduak "ez dira arraroak", ohikoak baizik. Baita, mediku faltaren ondorioz, bestelako profesionalek, erizainak kasu, aginduak jasotzea beraienak ez diren edota beraiek egiteko beharrezko prestakuntza ez duten funtzioak egiteko.
Hori horrela, kalitatezko osasun zerbitzu publikoa desegiten ari direla "egiaztatu" dutenez, protesta egitea erabaki dute. Egoera ez baitzaie kasuala iruditzen. "Ez da kasualitatea, osasun-laguntza pribatizatzeko politika kontziente baten emaitza da, osasun sistema dual batetara garamatzana". Hau da, osasun sare pribatua, ordaintzeko diru nahikoa dutenentzat, eta osasun sare publikoa, "eskasa eta desegituratua", txiroentzako eta gizarte sektore babesgabeentzako. "Onartezina" zaie osasunerako eskubidea oinarrizko giza eskubideetako bat baita, "ez negozioa egiteko merkantzia".
Adierazpenaren zenbait unetan, bertaratutakoen txalo zaparradak eten du irakurketa. "Gora osasun publikoa" oihuarekin amaitu dute eta oraindik egin ez zutenek beren sinadura emateko aukera izan dute.