Gaua

Gorka Lasa 2024ko eka. 21a, 07:00

Nahiz eta goiz argitzen duen urte sasoi honetan, ilunpetan egiten dut lantokirako bidea, kalean inor gutxi dabilen ordu horietan, errepidea eta semaforoak jartzeke dauden orduetan, oso goiz. Iluntasunak badu bere xarma, bere bizitza, bere argia.

Gaua oihal ilun bat da, egunero zabaltzen dena, egunaren amaiera eta atsedenaren hasiera markatzen dituena. Eguzkiaren erortzearekin batera, zerua tonu sakonez tindatzen da, lehenik itsas urdinez eta gero, iluntzen doan heinean beltzez, milaka urteko istorioak kontatzen dituztela diruditen izarrez zipriztinduta. Gauean, mundua eraldatu egiten da. Egunez zalapartatsuak eta aktibitatez beteak diren hiriak, lasaitasun barea hartzen dute. Farolen eta eraikinetako argiek, argi mehe eta epelez argiztatzen dituzte kaleak, eszena ia magiko bat margotzen duten itzalak eta islak sortuz. Soinuak ere aldatu egiten dira; trafikoaren murmurioa moteldu egiten da, kilkerren kantuari eta ezezagunak egiten zaizkigun hots eta zaratei bide emanez. Askorentzat gaua lasaitasun garaia da. Pentsamendu sakonenak azaleratzen diren eta sormena loratzen den unea da. Beste batzuentzat berriz, amaigabeko amets gaizto izan ohi da, beldurrez, ikaraz, lo eta atseden hartu eziniko unea.

Gauak sekretuak ere gordetzen ditu. Bere iluntasunean eta misterio kutsu horren atzean, maitasun istorioak, topaketa klandestinoak eta beteko diren ametsak ezkutatzen dira. Espazio horretan, irudimenak ez du mugarik, eta errealitatea eta fantasia elkarrekin lotu daitezke epairik gabe.

Bizitakoa atzean utzi eta egunsenti berri baterako bidea ematen digu gauak, egun berri baten promesa, aukera eta itxaropen berriz betea. 

Gauza guztiek omen dute hasiera bat eta amaiera bat. Aurtengo ikasturtea iritsi da bere amaierara, beraz, honekin batera, bukatu da goizean goiz ilunpetan lantokirako bidean, aukera eta itxaropen berrien bila, errepidea zeharkatzen duten trikuak saihesten ibiltzearen arriskua. Hemendik aurrera ordu txikietan ikusten banauzue, ez da lanerako bidean izango. Ondo pasa San Pedroak!