Hiriaren bihotzean, asfalto beroak eguneko berotasuna gordetzen du, baina udako euriaren ondoren hartzen du bizia. Lurrin eta metalezko nahasketa bat, lurretik kiribilka altxatzen dena, airea freskotasun berritzaile batez bustiz. Usain horrek haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkit gogora, eguzkipeko jolas amaigabeak, izozki zaporedun arratsalde bustiak...
Bitartean, terraza itzaltsu batean, izotz-kafearen zaporea bero itogarriaren aurkako babesleku bihurtzen da. Lehen zurrupada kontraste konbinazio bat da: kafearen mikaztasun familiarra eta edalontzian tintinka ari diren izotz blokeen freskura karraskaria. Bizitza erritmo motelagoan dastatzeko aukera ematen duen su-etena, mundua udako arratsalde bateko baretasunarekin pasatzen ikusiz.
Itsasertzean harea, behatz artean irristaka. Naturak bakarrik eskain dezakeen leuntasun zakarrez. Kontaktu honek lurrarekiko lotura sentsazioa ekartzen du hondar aleek istorio bana kontatuko balute legez.
Gauek ospakizun-xuxurlaz betetzen duen lore-usaina dakarte batzuetan, alkoholdun izerdiarena besteetan.
Kalean jendea, izozkiak, eguzkitako betaurrekoak eta artista ibiltariak. Eta kalean aglomerazioak; alokairu zerbitzu eta produktuen prezio igoerak, aparkatu ezinak, bertakoenak diren espazioak arrotz bilakatzea eta norbere herrian bizi nahi eta ezina. Batzuetan gu sentitzen gara turista etxean, dena ez baita horren polita.
Baina uda horrelakoa da: bizitza hutseko egoerara biltzen eta eramaten gaituzten sentsazioen bilduma. Euriaren osteko asfaltoaren usaina da, kafearen zaporea izotzarekin, hondarraren laztana behatzen artean, parranda usaina airean, iluntzearen koloreak eta txorien kantua gauean. Esperientzia horietako bakoitzak gelditzera, arnasa sakon hartzera eta unea udak bakarrik eskain dezakeen intentsitatearekin bizitzera gonbidatzen gaitu.