Azken bi asteburuetan, goi mailako kirolean aritzen diren emakumezko taldeek jokatu dituzten txapelketen ingurumarian ibili naiz. Eskubaloiean, Bera Bera taldeak Malagaren aurka Ilunben jokaturiko finalaurrekoan eta futbolean Errealaren emakumezko lehen taldeak FCBren aurka Zaragozan jokaturiko finalean.
Talde bataren zein bestearen egunerokoa gertutik jarraitzen ditut, bata zaletu moduan, bestea harrobiko langile moduan. Bi talde hauek astero-astero mugitzen duten pertsona kopurua urria izan ohi da. Egia da mugitzen duten ikusle mota oso desberdina izaten dela mutilen kirolarekin alderatuta. Familia giroa izaten da nagusi eta jende gazte asko hurbiltzen da norgehiagoketara.
Kopako partidu hauetan, jendetza bildu da eta ziur asko bildu den jendearen profila desberdinagoa, anitzagoa izan da astero Gaska edota Zubietara hurbiltzen direnekin alderatuz. Hala ere, faltan bota ditut Anoetara joan ohi diren realzale amorratu asko eta asko edo agian ez. Agian diot, askotan emakumezkoen norgehiagokek badutelako berezko kode bat. Desberdina. Eskubaloiean adibidez, aurkariarekiko dauden ohiturazko errespetu protokoloak jarriko nituzke eredu moduan. Kirolak izan beharko lukeenaren islada direla uste dut. Emakumezkoen futbolaren kasuan, zaletuarekiko gertutasuna azpimarratuko nuke. Tarteka badira ordea, jokoz kanpo uzten nautenak. Ziur aski kirol mundu tradizionalaren ikuspegiarekin erabat kutsatuta egongo naizelako. Adibidetzat jarriko dut Zaragozan emandakoa. Gure taldea partiduan sekulako jipoia jasotzen ari zen bitartean, zale asko eta asko olatua egiten hasi ziren. Posible al da jarrera hau izatea zelaiean gertatzen ari dena ikusita? Taldearenganako babesa modu horretan ere erakusten al dugu? Askoren ustez bai. Ongi pasatzea eta festa giroaz gozatzea beste gauza askoren gainetik egongo direlako. Nire ustetan ez da egokia, nahiz eta berriz diot, oso kutsatua izanen naizen bizitzan zehar jasotako nolabaiteko kirol hezkuntza tradizionalarekin.
Honatx kontrapuntua, hortxe neure buruan burrunbaka dabilen ekaitza.
Agian nik neuk, neurekiko eraikitako egitura mentala bera hausteko abisu bat izan daiteke. Kasu honetan ere, deseraikitzeko, desikasteko bidean beste hausnarketa bat. Agian, beste gizarteko hainbat alorretan bezalatsu, emakumezkoen kirolek ere ikaskuntza prozesu berriak, ohitura berriak irekiko dituzte gugan. Prozesu indibidualetatik kolektiboetara igorriz. Lehiaz haratago, kirolek beste mezu batzuk zabaltzeko duten gaitasun gisara ulertuta, kiroletik abiatuta gizarte berri baten eraikuntzarako oinarri bezala. Zerrenda horretan izena eman nuen lehenengoetariko izanda ere eta urte luzez lanketa eta hausnarketa horretan egonda ere, bide luzea daukat aurretik eta daukagula esatera ausartuko nintzateke. Urteetan zehar emakumezkoen kirol munduan lanean egonda ere, oraindik gauza asko ditut ikasteko, aldatzeko, moldatzeko. Izan ere, egunetik egunera garbiago daukat gizartea aldatuko bada aldaketa hori emakumezkoek gidatu beharko dutela eta bidelagun izan beharko dugulakoan nago kirolean ere; noski.