Bi heldulekuetatik jorratuko dut gaia. Batetik, goi mailako kiroletan instrukzioak, izan teknikoak, izan emozionalak, ia beti gazteleraz helarazteko ohitura orokortua dagoela azpimarra dezaket. Lehen pertsonan bizi dut hau egunerokoan eta hiztegi teknikoa euskaraz erabiltzeak kirolariengana mezua modu ulergaitz batean iristearen aitzakiarekin eta bestetik, taldean euskal hiztuna ez den kirolariren bat izatearen bigarren aitzakia orokortuarekin justifikatzen ditugu askotan horrelakoak tekniko eta entrenatzaileok. Bi makulu hauekin, kulunka aritzen gara etengabe.
Lehentasuna taldearen errendimendua dela, guztiei modu berean iritsi behar zaien mezua dela eta azken batean errazenera, hau da, gaztelera hutsean mezuak ematera, bideratzen gaituzten hainbat eta hainbat aitzakia eta justifikazio erabiltzera iristen gara. Askotan, euskal hiztunak mezua bere hizkuntzan jasotzeak izan ditzakeen eduki emozionalak kontutan izan gabe eta hizkuntzak berak estrategikoki erabiltzeko ematen dizkigun aukerak albo batera utziz, noski lehentasunezko arrazoi nagusia kontutan izanik; kirolariak gure hizkuntzan mezua jasotzeko daukan eskubidea aitortzeaz haratago, hau praktikara eramatea; euskara komunikazio tresna moduan erabiltzea orokorki ingurune eta testuinguru euskaldun batean.
Esan bezala, lehen pertsonan bizitzea egokitu zaidan egoera izaki, aurtengoan euskal hiztuna ez den jokalari bat sartu baitzaigu taldean, nik neuk ere hanka sartze berdina egiteko joera izan dudala onartu behar dut. Urteetan zehar izan dugun taldearen izaera euskaldunaz haratago, gure eguneroko informalean eta bereziki formalean, euskara erabiltzen genuen eta hizkuntzarekiko gutxieneko sentsibilizazioa zuten hainbat pertsonen babesa jaso izan dugu. Hala ere, froga garrantzitsuena iritsi denean, euskal hiztuna ez dena talde barrura iritsi denean eta bere jarrera hizkuntzarekiko egokia eta irekia izanda ere, mezu formalek gaztelaniara jotzeko joera izan dute. Gainera, aurreko esperientziaren batean eta gaztelania, zein atzerriko beste hizkuntzaren bat zerabilen kirolari batzuekin euskara erabiltzen jarraitu izan dugu iraganean eta emaitza onak eman dizkigu. Bai talde kohesioan, baita kirol arloan ere. Zergatik orain jarrera aldaketa? Horixe da neure buruari egin izan diodan galdera.
Honatx gaurko hausnarketa, identifikatu, aztertu eta zergatik ez esku hartu. Hedabideetan atera aurretik, goi mailako kirolean eta maila amateurrean beti egon den errealitate hau plazaratu, gure hizkuntzaren erabileraren egoera oso larria baita kirolean ere, bertan dihardugunok ardurak hartzeko garaia dela uste dut, eredu izatekoa. Justifikaziotzat jartzen ditugun heldulekuak askatu eta askotan putzura salto egiteak ekartzen duen freskura eta gurearekin ere helburu berbera betetzen dugunaren uholde hori bizi, sentitu; azken batean herria egin, igerilekuetatik, futbol zelaietatik, itsasotik, kiroldegietatik. Kirola eta euskara uztartuz, kirola gure egin eta euskara benetan erabilerarekin maitatu.