Udako balantzea

Aizpea Amas 2024ko ira. 13a, 07:10

Lasarteoriatarrak, ongi etorriak etxera. Espero dugu zuen oporrei ahalik eta zuku gehien atera izana. Udan herria zaintzen geratu garenok uste dugu lan txukuna egin dugula, eta horren lekuko aparteko gertakaririk ez dela izan. Edonola ere, hemen doakizue balantzea. 

Oro har, jende gutxiago ikusi dugu herrian, batik bat abuztuan. Bertan geratu garenok eskertu dugu aparkatzerako garaian; ohi ez bezala, aparkaleku bat topatzeko ez baitugu aparteko zailtasunik izan. Irekita geratu diren taberna bakanetako terrazetan ere mahai eta aulki libreak aurkitzea nahikoa erraza izan da, baliteke eguzkiak edo hobe esanda haren absentziak eragina eduki izana. 

Edozein kasutan, zuei eragin ez dizueten aferatxo batzuk eduki ditugu. Lehenengo puntua: gure herritar zororen bati gaixo jartzea bururatu bazaio, arratsaldetan anbulategia itxita eduki dugunez, Hernanira joan behar izan du, baina bertan kosta egin zaio medikua topatzea. Garrantzitsutzat jotzen dugu puntu honi lehenbailehen heltzea ezustekoak saihesteko.  

Bigarren puntua: herritar burugaberen batek udan igerilekura joateko nahia izan badu, (aipatutako eguzki absentziarengatik Urnietako aukera baztertuta) hilabete erdialdera arte beste norabait joan behar izan du, eta are gehiago, ia bi aste horietan itxita kointziditu dute Buruntzaldeko igerilekuek.

Hirugarren puntua: herritar eroren bati irakurtzeko grina piztu bazaio, liburutegia ere itxita topatu du abuztuan. Badakigu uztailean irekita egon dela, goizez (baita astean behin arratsaldez ere) baina ulertzekoa da ordutegi horretan zailtasunak eduki izana abuztuko liburuak hartzeko. 

Hortik atera dugun ondorioa da zerbitzuak nabarmen murriztu direla udan. Beraz, formularen bat topatzeko beharra ikusi dugu horiek indartzeko, eta argi dugu langileen oporraldia ukiezina dela. Proposamenik?