Boteprontoan diskurtso positiboa eduki lezake, motibagarria, garapen pertsonala sustatzen duena (‘altxa ohetik goizean goiz burpeesak egiteko’), baina hurbiltzearekin batera, ustel usaina botatzen hasten da... diru-gosea, indibidualtasuna, norberaz beste inor kontuan ez hartzea… Era berean, hainbat eta hainbat mutil hasi dira beren salbatzailearen sermoiak zabaltzen, noizbait milioidun izateko xedez.
Hau adibide bat baino ez da, baina sarean horrelako beste hainbeste aurki daitezke. Egun hauetan Pedro Sanchezen aferak lehen lerrora ekarri du gezurrezko mezu eta desinformazioaren gaia. Beno, ezin esan euskal gizarteak horren ondorioak ezagutzen ez dituenik, beraz, berriro ekarri duela esango dugu.
Arlo politikotik harago, eta pandemia osteko gizarte are eta teknologizatuagoak bultzatuta, gero eta toki handiagoa dute horrelako mezuek gazteen eta ez hain gazteengan, bozgorailu bat izango balute bezala, eta horren adibide dira muturreko eskuinaren gorakada, terraplanistak, antifeministak…
Tamalez, mila gezur egi bihur daitezkeela frogatzen ari da, eta inolako kode etikorik gabe, askatasunaren bandera ateratzen dute horiek kontrolatzeko beharra aipatzerakoan. Kritikotasun, irizpide eta balore falta handia sumatzen da horren aurrean, eta, behintzat, arreta jartzen hastea ezinbestekoa da, berandu izan baino lehen. Baloreak landu, babaloreak saihesteko.