Hau izorratzea hau! Nola aterako naiz orain hemendik? Nik naturala izan nahi dut!
Lasai, ez gaitezen pentsamenduaren tranpa honetan erori, korapilo hori ez baitago inolaz ere askatzerik... Korapiloa onartu eta tiraka ez segitzea besterik ez zaigu momentuz geratzen. Gizarte hau ez da naturala eta ez du izan nahi, baina errealitate horren aurrean ni non eta nola kokatuko naiz? Gizarte hau naturala ez baldin bada, nor izango naiz ni? Zer egiteko prest nago?
Argia ikusten dut orduan tunel beltzaren amaieran: nire baitan artifiziala dena ezabatzea, horixe da bidea. Honek, gezurra nire bihotzetik ateratzea eskatzen dit. Ariketa sakon eta zaila da hau, norberaren programazio mentalari antibirusa pasatzearekin alderatu dezakeguna. Izan ere, hortxe daude kanpotik etorri diren ehundaka “troiar” gure sinesmen sisteman instalatuta. Birusak bezala dira sinesmenok, ez digute guk nahi bezala funtzionatzen uzten, beste batzuek nahi duten bezala baizik, batzuetan oso azkar eta beste batzuetan erabat blokeaturik uzten gaituztelarik aurrera egin nahi dugun bizitzaren esparrutan. Birus edo sinesmen arrotzok identifikatzeko, hasieran, laguntza “informatikoa” beharko dugu, gai honetaz dakien norbait (psikologo, xaman, mediku, lagun...) ezinbestekoa izango da. Eta, kontzienteki programazio berriak instalatu beharko dira amaieran, norberaren pentsatzearekin eta sentitzearekin bat datozenak.
Gauzak honela, gure eguneroko ekintzak aktibatzen eta baldintzatzen dituzten sinesmen arrotz hauek identifikatzeak berebiziko garrantzia hartzen du bizitza natural bat bizi nahi dugunontzat. Azken buruan, pentsamenduaren harresiak zaintzea, egunero praktikan jarri beharreko lana bihurtzen da, eta gehienetan bakarrik aurre egin beharko diogu lan zail eta amaitezin honi. Ez gaitezen inozoak izan, egungo gizartean, Troiako Zaldiak gure harresietara iritsiko dira egunero, gure sinesmen sisteman sartzeko ahaleginetan. Nor izan behar garen, nola jokatu behar dugun, eta beste mila kontu xuxurlatuko dizkigute belarrira. Alabaina, bereizten jakin beharko dugu: pentsamendu honek bizitza natural batetatik gertuago ala urrunago ipintzen nau? Norena da pentsamendu hau? Nondik dator? Nora narama?
Nork daki, gauzak ongi bereizteko gai bagara baliteke egunen batean geure burua ezagutuko dugun eguna iristea.