Musika digitalaren eztanda aurreko garaiak oso bestelakoak izan ziren. Aukera gutxiago zegoen musika entzuteko, internetik gabe zailagoa baitzen. Diskoak erosi egin behar ziren: kaseteak, biniloak, CDak... Baina aldi berean, kontzertuetara joateko ohitura gehiago zegoen, izan ere, leku gehiagotan zegoen kontzertuak eskaintzeko aukera, festa kolektibo horretan murgiltzeko aukera. Urte onak.
Uste dut urte on hauen gainbeheraren hasieran etorri nintzela ni mundura. Eta iruditzen zait urte txarrekin batera hasi nintzela musika munduan kontzertuak antolatu, CD propioak sortu eta zuzeneko emanaldiak gitarrarekin eskaintzen. Kontzertu gehienak gaztetxeen zirkuitoan egiten genituen, jaialdi alternatiboetan eta bakar batzuk kontzertu aretoetan. CD batzuk eta kamixeta batzuk saldu eta proiektuan inbertitzen genituen berriro sosak. Facebook zen gure informazio kanal nagusia, gure unibertsoaren bueltan zeuden albisteak eman eta jasotzeko bidea. Bazegoen musika bizitzeko modu hartan hartu-eman bat, baina ematen nuena jasotzen nuena baino askoz gehiago zela sentitzen nuen beti. Beti falta zitzaidan zerbait... Gabezia?
Ez dut inoiz musikatik ekonomikoki bizitzerik lortu. Ez taldean, ezta bakarka ere. Musikak ordea, bizitza salbatu dit. Elikatu egin nau. Bai, nire arima kontsolatu izan du beti musikak, sentimendu guztiei eman baitie bidea. Ispilu bat izan dut beti estilo guztien bitartez neure burua hobeto ezagutzeko. Musikari esker galdu eta aurkitu egin naiz. Bilaketaren bidean jarri nau. “Play” botoia sakatuta daramat gaur: uhin bat naiz, zuek bezala.
Arlo ekonomikoan ordea, nioen ez naizela oso ondo moldatu. Izan ere, merkatuaren etsai izan naiz neure jarreretan eta ekintzetan. Ziur aski, horrelako “jakiek” preziorik ez dutela sinetsitako artista bat izan naizelako. “Nola jarriko diet ba prezioa nire kantuei? Nire arimaren islada horiek produktu bihurtu? Zenbat balio du nik zu hunkitzeak? Sakrilegioa!”.
Alabaina, nekazaritzan bizitako ibilbideak zeharo aldatu nau. Laborantza izan dut benetako ogibide azken urteotan eta hari esker konklusio honetara iritsi naiz: gorputzaren jakiek hauek ekoizten dituzten langileentzat prezio duinak behar dituzten modu berean, arimaren jakiak sortzen dituztenek ere dirua merezi dutela bueltan lan honengatik.
Norberaren esku dago non gastatzen eta inbertitzen dugun dirua. Zentzu honetan, gizarteko norbanakoek musikariak poltsikoarekin gehiago babestuko balituzte ez litzateke batere gaizki egongo. Baina, tira, horrenbeste eskatu eta kexatu beharrean nire buruaren autokritika lehenetsiko dut: alegia, nik neuk eman behar diodala balioa neure lanari eta kitto. Azken finean, musikak prezio bat izan dezake; haren balioa berriz, estimaezina da.