S. ere goiz esnatu da gaur, L. baino pixka bat beranduxeago. S.-k, ordea, patxada gehiagorekin ekin dio egunaren prebioari. Kea darion infusioa prestatu du eta goizeko meditazioari heldu dio infusioa hoztu bitartean. Gorputz-luzaketak egiteko parada ere hartu du, berak sortutako errutinatxo azkar bat. Infusioa edan eta gosaria zorroan sartu du, laranja bat, platano bat eta zereal-barratxoa. Lasai irten da etxetik, presarik gabe eta aldarte onean.
L. ordea urduritzen hasia da, beti bezala, denbora gutxi dauka idatzi behar duen dokumentua entregatzeko. Erlojuaren kontra eta bere borondatearen aurka borrokatuz lortu du testu madarikatua garaiz amaitzea. Kafearen termoa ere hutsik dago. Estresa baretzeko zigarrotxo bat erretzera atera da L. kalera, esnatu denetik erretzen duen seigarrena. Lehen zailtasuna gaindituta L. zertxobait lasaiago dago orain.
Are lasaiago oraindik dugu gure S. bere proiektua esku artean duela. Ofizina lana izaten du goiza, antolakuntza eta planifikazioaren kontu amaigabeena. Zailenetik errezenera antolatzen ditu beti zereginak. Tartean laranja, platanoa eta zereal-barratxoa jaten ditu. Bulego-lanak burutu ahala, hobeto sentitzen da. Gauzak honela, lan denak bukatzen dituenean paseotxo bat ematen du S.-k, bisaia kontent, datorrenari gogoz heltzeko asmoz.
Nire bizitzak ez zuen S.-ren antza handiegirik garai hartan. Are gehiago, nahiko L. nintzela aitortu beharra daukat niretzat oso urte txarra izan zen urte hartan. Gustoko ez nuena ikasten ari nintzen eta gustoko ez nuen lana nuen asteburuetan. Nire errutina eramangaitza zen eta frustrazioak inbaditurik asko diskutitzen nuen, batez ere nirekin, baina egun hartan nagusiarekin: “Julen, askatasuna errutina baten barruan ulertzen dut nik” bota zidan orduan nagusiak. Zer? Askatasuna, errutina baten barruan? Esaldia deigarria bezain ulergaitza egin zitzaidan. Nire errutina, L.-rena bezain gogaikarria bazen zertara zetorren askatasunaren kontu hori? Ni ez nintzen askea sentitzen! Ni ez nintzen S.!
L.-ren infernua eta S.-ren paradisuari begira jarrita hauxe datorkit gaur burura: geure erabaki askeekin errutina xarmagarri bat sortzen dugunean erraza dela merituak geure buruari egoztea eta egoera hori guztiz geurea dela aitortzea. Bestalde, zenbat kostatzen zaigun infernua onartzea, alegia, geure erabakimenak infernua sortzen duenean eta erretzen gaituen errutina bat daramagunean ez gara haren egileak gu geu garela esateko kapazak izaten.
Kosta zait niri ere, baina, azkenean ulertu dut nor den kasu guztietan egilea.
Julen S. L.