Lasterketa laster

Asier Odriozola 2024ko urr. 25a, 07:25

Badator badator!! Adierazpide hori erabiltzen dugun aldiro gustuko dugun zerbaiten etorreraren seinale izaten da. Adinean aurrera eginda ia dena beste distantzia batetik bizi dugu baina gogoan dut umetan, eta gaztetan ere berdin, San Pedro Jaiak hurbil zirenean giroak belarria goxatzen zigula, emititu gabekoa izan arren, guk garbi entzuten genuen iragarpenarekin: badator badator! Gauza bera eguberriekin ere eta modu beretsuan atsegin genituen hitzordu guztiekin.

Oraingoan, urriaren amaierak berekin dakarren Lasarte-Oriako Lasterketa Herrikoia ari zaigu xuxurlaka batean: hemen naiz, hemen naiz!! Berdin dio kirolari izan ala ez, berdin korrika egingo dugun ala ez, kross herrikoiak lasartear asko harrapatzen gaitu, dela izerdia botatzen, dela antolatzen edo dela aitzakia hartu eta festa giroko eguna pasatzen. Gure kuadrillan, esaterako, urteko bazkaririk handienetakoa izaten da lasterketaren egunekoa (babarrun gorriak aurtengoan, sakramentu eta guzti noski) eta gure kasuaren pareko asko dago herriko elkarte eta jatetxetan. Pentsatzen dut etxe askotan ere otordu eta juntadizo bereziak egingo direla. Herri bat herritarrek egiten dute baina baita herritar horiek sortzen, antolatzen eta denboran barrena sendotzen duten ekimenek ere. Lasarte-Orian bat baino gehiago dira ekimen horiek baina egutegiak hala eskatzen duelako, gaur, asteburu honetakoari azpimarra egitea tokatzen da. Eta bide batez, mugatxoren batekin bada ere, antolatzaileei mezutxo bat bidali nahi diet TXINTXARRI-ren bitartez: nire ekarpentxoarekin jarraituko dut ondoko urteetan ere, gazteren batek erreleboa eman arte behintzat. Honenbestez, nire hitza konprometituta geratzen da!