Hori dena gutxi ez eta lozorroan egon izan diren tentsio batzuk esnatzen hasi dira, aipatutako beste bi gerra horiekin animatuta, nonbait. Hor dira Txina eta Taiwanen arteko gatazka eta berdin bi Koreak banatzen dituena ere, iparrekoa eta hegoaldekoa. Nahita aipatu ditut elkarrengandik hain urrun dauden bi kontzeptuak, gerra eta festak, izan ere, harrigarria da gizakiak duen, gizakiok dugun, isolamendurako ahalmena eta trebezia. Onartzen dugu gerraren inpaktua baina ahal dela eguneroko bizitza atseginari eutsi nahi diogu.
Ez dakit ez ote dugun uste modu horretan urrun jarraituko duela gatazkak. Hala izatea espero dut, baina ezin da baztertu tiro eta bonba hotsak hurbilago ditugunean, harriduraz ikustea egoera hori, eguneroko kezka txikietan bizitzen jarraitu nahi izan dugulako. Zer egin beharko genuke, beraz? Ez dut arrastorik ere baina iruditzen zait ez genukeela ostrukarena egin behar.