Aurten sagarrondoak kimatu gabe geratu zaizkit, negu hotzaren zain egon bainaiz, eta aurten ere neguak izkin egin eta kale egin dit. Negurik egin badu behintzat, hotzikara handirik sortu gabe joan da; aldaketa klimatikoaren eragina omen da.
Iragan astean entzun nuen aurrenekoz kukua aurten, ilusioa egin zidan kanta berezi eta pausatua entzuteak. Naturak oparitzen digun plazer horietako bat da, gozatu beharrekoa, huskeria bada ere, negutik udaberrirako aldaketaren aldarria. Zein xume baina zein bortitz, izadiaren etengabeko aldaketa prozesuan murgildurik eta geldiezin, aurrera atzera bueltarik gabe, eta guk ezin hori aldatu. Guk ezin dugu gereziondoaren lorerik aldatu, ezin dugu kukuaren kantarik aldatu, ezin dugu urtarorik aldatu, baina gure esku dagoena, bizi garen mundu hau aldatzearena da.
Gu jaio ginen munduak eta oraingoak ez dute antzekotasun handirik. Gu ere aldatuz eta aldatzen goazen bezalaxe. Zeruan hegan jira-bira eroan dabiltzan enaren gisara gabiltzala uste dut, atsedenik gabe, pausatu ezinik, biharko ezinaren aukeran gaur eginik hobe delakoan. Oinak lurrean ez dituenaren ziurtasun falta bezala, ertzik gabeko errotarrian biraka hautsa ehotuz. Errotaren martxa alferrikakoa izan ez dadin, aldaketa bat behar dugulakoan, jar dezagun bakoitzak aldaketarako aletxoa, eta alez ale eraikiko dugu bere hizkuntza eta kultura propioaren jabe den euskal nazio bat.