Garai hartako marrazki bizidun askoren istorioen mamia eta edukia aztertuz gero, lehen begi kolpean, alderdi txarrei so egiteko joera izaten dugu. Garbi esan dezakegu, Son Goku eta bere lagunen artean biolentzia, borroka eta mota guztietako gudak eguneroko bizigarria zirela. “Beste garai batzuk ziren” esaldian babes gaitezke baina garai hartako haur eta gazteen begi bistan, egunero-egunero normalizatzera eramaten genituen horrelako jarrerak. Ezingo dugu ukatu, fikziozko istorio hauen eredu matxista. Emakumearen irudia beti gutxietsia eta sexualizatua agertzen zitzaigun. Erabat deitoragarria. Gerora, beste hainbatekin bezala, moldaketa eta egokitzapen saiakerak izan zituzten arren, telesailaren berariazko irudirekin oso lotuta joan ziren borroka, biolentzia eta emakumearenganako gutxiespenak. Pisuzko aspektu negatibo hauetaz gain, ziur nago beste hainbat alde ilun ere izango dituela telesailak baina lerro gutxitan azaletik eta asko pentsatu gabe, gorriz borobiltzeko moduko bi plazaratzea erabaki dut, egun hauetako hausnarketa pertsonal modura eta egiten ari zaizkion gorazarre ugariei kontrapuntua jarriz. Jakinda, ni neu izan nintzela zaletu eta gaur egun ere maitasuna gordetzen diodala aitortuz.
Aldiz, onartu behar da EITBk garai hartan egindako apustu honek izan zituela bi hamarkadetako gazte eta haurren hainbat ohituretan eragiteko gaitasuna eta kasu honetan, ene ustez, modu positiboan. Garrantzitsuena, Krilin, Kaito, Bulma eta enparauek zerabilten hizkuntza euskara zela zen. Euskal hiztunon euskara maila hobetzeaz gain, fan fenomeno hark euskaldun berri eta ez horren berri andana jartzen zuen pantailen aurrean eta horrek ezinbestean sortzen zituen euskararen inguruko sinergiak. Izan telesailaren inguruko elkarrizketetan, baita euskararen zuzentasun eta erabilera egokien inguruan. Telesail japoniar batek sekulako indarra lortu zuen euskararen normalkuntzarako bidean eta hau probestu beharra zegoen. Nire ustez ongi probestua izan zen gainera.
Bigarrena eta agian askorentzat horren garrantzitsua izango ez dena, marrazketa eta arte munduarekin lotura estua duena da. Garai hartan, leku guztietan ikus zitezkeen gaztetxoak marrazki bizidunen kalkoak egiten, marrazkien irudiak marrazten edota hauetatik abiatuta mangaren munduan txertatzen, berau atzerritik zetorren marrazketa eredu indartsu berritzat hartuta. Marrazketarekiko interesa piztu zuen hainbat gaztetxorengan eta mundu horrekiko erakargarritasuna areagotu zen. Askoren inspirazio iturri izateraino eta ibilbide artistikoen hastapen ere bihurtu ziren batzuentzat.
Azal-azaletik beraz eta asko pentsatu gabe Akira eta Dragoi bola telesailaren inguruan eztabaida irekitzeko bi abiapuntu, bi kontrapuntu plazaratzeko ariketa izan da gaurkoa. Nostalgia ukituz, egindakoa. Maitatua duzun horrek askotan, maitatua izanagatik ez baitu egokia behar eta gorrotoa edo desadostasuna agertzen diozun horrek ere, izan baitezake beti leihoren bat irekia argi izpiak bertatik sartzeko moduan izan daitezen. Hobetu ditzagun, “garai desberdinen” eta “ohiko jarrera eta ohituren” berrikusketa eta hausnarketa prozesuak askotan mingarriak izanda ere.