Itsaspeko munstroak

Aizpea Amas 2024ko ots. 23a, 07:30

Talasofobia. Hala deitzen zaio itsasoaren handitasun eta sakontasunari beldurra izateari. Liburutegirako bisitatetako batean, CIMASUB itsaspeko zinema zikloaren argazki erakusketarekin topo egin genuen Manuel Lekuona Kultur Etxean. Itsasoak betidanik eman izan dit errespetua, eta itsaspeak zer esanik ez. Ez dakit nire belaunaldiarekin zerikusia daukan zerbait den, baina Titanic filmaren ondoren, horrelako metalezko munstrotzarra ehunka metrotara itsas azpian iltzatuta irudikatzeak halako ezinegona sortzen dit. 

Sentsazio berberarekin geratu nintzen CIMASUBen erakusketatik irtendakoan, baina talasofobiaz gain, beste zerbaitek ere eragin zidan, ezinegona. Itsasazpian itsasontzi edo hegazkin erraldoiez gain, badira bestelako munstroak, eta ez naiz ari Ilargi arrain edo marrazoei buruz; gizakiak eragindako munstroez baizik: latak, plastikoak, ontziak… lurrazalean sortu eta erabili ondoren, itsaspean bukatzen dute ehunka tona zaborrek, tarteka, baita arrainen sabelean ere. Greenpeacen arabera, urtean 8 milioi tona zabor isurtzen dira itsasora; badakizue horiekin 800 Eiffel dorre eraiki ahal izango liratekeela? Eta hori gutxi balitz, hainbat zaborrek urteak behar dituzte guztiz desegiteko. Duela 500 urte, esaterako, Juan Sebastian Elkanok lehen aldiz munduari bira eman zionean plastikozko botila bat uretara bota izango balu, agian oraindik zatiren bat aurkitzeko moduan izango ginateke. 

Itsaspean gertatzen denaz ez gara askotan jabetzen, baina itsasoa bere handitasunean gizakiaren jardueraren eraginpean dago. Noizbehinka, lurrazalean ikusten ditugu ondorioak, plastikozko pelletekin gertatu bezala, eta orduan sortzen zaigu kezka eta beldurra. Talasofobia bada itsasoaren sakontasunari beldur izatea, antropofobia edo gizakifobia ote da itsasoak gizakiari diona? Aitortu beharra daukat, azken horrek geroz eta ikara handiagoa ematen didala.

Erlazionatuak

Gabonetako izpiritua

Txintxarri Aldizkaria 2023 abe 15 Euskara