Bitxia da benetan Santa Anako parodiaren jatorria. Lasarte-Oria aldizkariko 160. zenbakian antzerki herrikoiaren jatorria jorratu zuen Danok Kide elkarteak eta Juan Mari Lekuona oiartzuarrak emandako azalpen bat jaso zuen, besteak beste. Lan horretan idazleak azaldu zuenez, XX. mende hasieran sortu zen, mozkortuta zeuden herritar batzuek Santa Ana karkaban zeuden ardo zahagi batzuei su eman zienean. Gertakari hori oinarri hartuta, bizilagunak herri epaiketa antzeztu bat aurrera eramaten hasi ziren urtero: bi alprojari egozten zizkioten herriko gauza txarrak urtero eta sutan kiskaltzen zituen deabru gaizto batek. Horrez gain, Santa Anak berak, San Joakinek eta Basajaunek ere parte hartzen zuten. Ezaguna zaizue hori, ezta?
Gure Etxea taberna kudeatzen zuen Manuel Sagardiak 1951n berreskuratu zuen Santa Ana eguna ospatzeko ohitura. Parodia ez zen egitarauko ekimen bakarra izan: herri meza, hamaiketakoa, Santa Ana karkaban Agurra dantzatzea eta bertan ikurrina jartzea. Horrez gain, arraun txapelketa bat ere antolatu zuen, Prueba Sagardia de Lanchas izenekoa: herritarrek talde ugari eratu zituzten eta Oria ibaiko uretan lehiatu ziren.
Galtzeko arriskuan
Santa Anako ospakizunak Manuel Sagardiak berak ordaindu zituen bere poltsikotik 1979. urtera arte, hil zen arte. Bere seme Julianek hartu zuen orduan jaia antolatzen jarraitzeko ardura eta gastuak bere gain hartzen. Urtez urte antzezlan gero eta txukunagoa egiten zuten eta pertsonaia ugari eratu zituzten antolatzaileek: mikeleteak, epaileak, fiskalak, Michelingo suhiltzaileak, eta abar.
Urte batzuk geroago Lasarte-Oriako Udalak hartu zuen parodia aurrera eramateko ardura eta Santanarrak izeneko taldea eratu zuen 1991n. Lau urte geroagokoa izan zen ekimen horren historiako une kritikoenetako bat, inork gidoia garaiz ez prestatzeagatik bertan behera utzi behar izan baitzuten.
Ttakun Kultur Elkarteak udalari eskatu zion jarduera hori antolatzea 1996an, eta, ika-mika batzuen ostean (udalak esan zion Santanatarrak taldearen izenpean joan behar zuela proposamenak, bestela ez zegoelako dirurik eta laguntzarik), burutu zuten azkenean, Santa Anako parodia berreskuratzea "ezinbestekoa" zelako, Manuelen biloba Nekane Sagardiak TXINTXARRI-ri kontatu zionez, urte horretako uztailaren 12ko aldizkarian. Horrez gain, antzezlanaren funtsa definitu zuen: "Parodiaren muina zirikatzea da, eguneroko gorabeherak umorez azaltzea".
Ttakunek berak eta udalak zeregin horretan dihardute gaur egun. Euskara elkartea antolakuntzan hasi zenetik asko areagotu da euskararen presentzia gidoian.