Manuel Sagardiaren eskutik aurrera eraman zuten aurreneko parodia duela 74 urte. Pasa dira hamarkadak eta aldatu da herria goitik behera, baina ez ikasturtero bertan gertatzen direnak umore ukitu batekin errepasatzeko ohitura. Aurtengo emanaldiaren gidoia Pablo Barriok eta Juan Luis Eizmendik idatzi dute eta aipatzeko moduko gaiak ez zaizkie falta izan. 50 bat herritarrek egingo dituzte aktore lanak eta antolatzaileek nabarmendu dute amateurrak direla denak, hau da, ez dagoela profesionalik taldean.
Edonola ere, horrek ez du esan nahi aktoreek euren zeregina serio hartu ez dutenik. Are gehiago, hasi dira dagoeneko esketxak prestatzen, kultur etxean. Hurrengo saioak gaur, hilaren 15etik 19ra eta 22an, 23an eta 24an aurrera eramango dituzte, 18:00etatik 20:00etara. Partaideek nabarmendu dute entseguak irekiak direla eta edonor anima daitekeela eurekin aritzera. Baten batek parte hartu nahi badu Ttakunen bulegotik pasa daiteke astelehenetik ostiralera (09:00etatik 15:00etara), kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatz dezake edo 695 78 53 89 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat bidali.
Islada Ezkutatuak
Okendo plazan izango den parodiaren aurretik oroimen historikoa azaleratzeko lanean ari den Islada Ezkutatuak taldea omenduko dute. Oroigarri bat jasotzeaz gainera bertso eder batzuk abestuko dizkie Lierni Rekondo bertsolariak.
Santa Ana eta San Joakin eguneko ospakizunen antolatzaileek herritarrak animatu dituzte antolatutako jardueretan parte hartzera.