Bakailaoa, piperrak... eta irudimena

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 15a, 20:45

Aterpea merkatarien elkarteak ekimen interesgarria antolatu du aurten ere Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, Santa Ana egunera arteko itxaronaldia zertxobait goxatzeko. Gauzak horrela, herriko bost ostalaritza establezimenduk pintxo goxoak prestatu eta 3 eurotan salduko dituzte igande honetan, egun osoan zehar: Buenetxea kafe-taberna, El Punto, Herriko Etxea, Hiru Aldeta eta Arimak parte hartuko dute. 

Sukaldariek bi osagai erabili beharko dituzte nahi eta nahi ez jakiak elaboratzeko: bakailaoa eta piperrak. "Hortik aurrerakoak parte hartzaileen irudimenaren araberakoak izango dira", adierazi du Aterpeako lehendakari Mabel Pedreirak. Eskerrak eman dizkio Agustin Valdivia alkateari egitasmo hau aurrera eramateko emandako laguntzagatik eta lasarteoriatarrak animatu ditu aipatu bost establezimendu horietara joatera, pintxoak dastatzera. Hamarkada bat darama Aterpeak ekimen hori antolatzen eta harrera ona izan ohi duela azpimarratu dute aurkezpen ekitaldira bertaratu diren dendariek.

Artisautza azoka

Iganderako plan polita izan daiteke pintxoan jan aurretik edo ondoren Okendo plazara bertaratzea, bertan egingo duten Santa Anako 39. Artisautza Azokara. 10:00etatik 14:00etara nahiz 17:00etatik 20:00etara irekiko ditu ateak feriak eta ohi bezala dozenaka posturen artean ibili ahalko dute herritarrek: jakiak, eskuz egindako tresna eta produktuak, ukenduak, arropa, bolilleren postua, Zurmailu elkarteko lagunen egurrezko lanak... 

Santa Ana eta San Joakin eguna bost egun geroago ospatuko dute herritarrek, hilaren 26an. Egun horretarako egitaraua prestatu dute udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak:

  • 11:00etan, meza Ama Brigitarren komentuan. Ondoren, alboko plazan, hamaiketakoa.
  • 12:00etan, Erketz EDTko dantzariek saioa egingo dute Santa Ana karkaban.
  • 18:30ean, herrian barrena desfilatuko dute parodiako aktoreek, Jalgitik abiatuta.
  • 20:00etan, parodia antzeztuko dute Okendo plazan.
Erlazionatuak

Pintxoak ere Santa Anaren omenez

Txintxarri Aldizkaria 2023 uzt 23 Gizartea