Euriak ez du jai giroa zapuztu

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 2a, 01:20

Uztaileko lehen gauean entzierro txikiarekin beroketa egin eta euriak egin du presentzia. Zezen suzkoarekin hasteko itxaron dute LOZETeko kideek eta euria pixka bat baretu denean lasterketa ederrak egin dituzte haur, gazte eta helduek Kale Nagusian gora eta behera

 

Euria tarteka egin arren, estilo ezberdinetako kontzertuez gozatu ahal izan dute herritarrek.

Ugari izan dira Okendo plazako arkupeetan, aterki azpian edo tabernetako estalpeetan Belako talderen post punk doinuez gozatu duten pertsonak. Euren abestiak zein talde ezagunen bertsioak eskaini dituzte bizkaitarrek.

Stylo taldearen doinuekin dantza egiteko aukera izan dute Isla plazara hurbildu diren herritarrek. Parkeko estalpean babestuta entzun edo dantzatu dituzte abeslariek eskainitako bolero, cumbia eta pasodobleak.

Arazorik ez dute izan DJ Tropikal eta DJ Blessiven saioez gozatu dute Oriarte Landaberriko patioara hurbildu ziren gazteek. Gaur egungo doinuen nahasketa ezberdinak entzun eta dantzatu ahal izan dituzte.