Egitarauan azken unean iragarritako ekintza bat ere aurrera eraman du Sorgin Jaiak-ek, Lasarte-Oriako Transmaribibollo kolektiboarekin batera. Elkarretaratze bat egin dute, Okendo plazan, ekainaren 27 eta atzo, ekainaren 30ean, gertatutako erasoak gaitzetsi eta salatzeko. Azaldu dute transmaribibollo pertsonek, existitzeagatik irainak, mehatxuak, kolpeak eta mespretxuak jasan dituztela herrian. Gertaera horien aurrean, “elkartasuna eta goxotasuna” adierazi dizkiete deitzaileek erasotuak izan direnei.
Azpimarratu dute, gainera, eraso horiek ez direla “gertakari isolatuak”, duela bi aste Errezilen gertatutako eraso homofoboa ekarri dute gogora, baita azken hilabeteetan Euskal Herri osoan jazotakoak ere. Horiek guztiak “egiturazko indarkeriaren ondorio” direla gaineratu dute.
Erasotzaileei, mezua
Erasotzaileei eta horiek isiltasunez babesten dituzten konplizeei eta beren lana egin beharrean beste aldera begiratzea nahiago dutenentzat “mezu argi bat” zabaldu dute: “Kontuz, saretuta gaude eta autodefentsarako prest. Gero eta gehiago gara, Iraintzen bagaituzue, kolpatzen bagaituzue, gorrotatzen bagaituzue, erantzun egingo dugu. Ez gara kikilduko. Aurrean izango gaituzue. Ez dugu etsiko matxirulo nazkagarriak zuen pribilegioak galtzen dituzue arte. Gu hona pribilegioak deseraikitzera gatozelako, eta pertsona guztiok aske bizi gaitezkeen mundu bat eraikitzera”.
Amaitu aurretik, aliatuei zuzendu dizkiete hitzak: “Gurekin behar zaituztegu. Transmaribollo kolektiboko kide ez zareten senitarteko eta lagunak ere gure alboan behar zaituztegu, borroka hau zuena ere badelako”. Gaineratu dute derrigorrezko heterosexualitatea ez dela maitatzeko modu bat, sistema kapitalista sostengatzeko egitura baizik.
Amaitzeko, mobilizatu, saretu eta autodefentsa praktikara eramateko deia egin dute: “Elkarrekin soilik suntsituko dugu heteroaraua”.