Osagai berekin emaitza oso bestelakoak lor daitezkeela erakutsi dute patata lehiaketako partaidek. Ezkutukoren bat izango zuten, baina bakoitzak jarritako mimoa eta joerak zeresana izan ohi du su arteko jardunean. Gustuak gustu, itxura, behintzat, ona baino hobea zuten gehienek. Zaporearen berri Ane Galardi, Saioa Ortiz eta Iraia Iparragirrek eman beharko dute. Hiru epaileek garaiz aurkeztutako hamar tortillak dastatu dituzte, probatzen hasiak zirenean ekarritako hamaikagarrena, berriz, ez dute kontuan hartu. Egin dutenek epaitu beharko.
Erabakia pentsatzeko nahi baino denbora gutxiago eman diote hirukoteari, berandu zebiltzalako, eta 18:00etan bertso poteoari heldu behar zioten. Hiru onenak izendatu dituzte: 2, 1 eta 10 zenbakidunak. Arraultza, Ore Amako balea eta garagardoen irabazleak Uxue Ariztimuño, Olaia Soroa, Maddi Trantxe eta Uxue Odriozola izan dira.
Garagardoa edo bakoitzak nahiago zuen edaria hartzen entzun dituzte bertsotan aritu diren Earra bertso eskolako bost lagunak. Abiapuntuan amaitu behar zuten, baina soinu probek Askatasuna parkera joatera behartu dituzte. Han amaitu dute azken ariketa, bertsotan objektu bat asmatzea eta horretarako pistak ematea; eta agurrak abestu dituzte.
Minutu batzuk geroago, txosna ingurua elkartasunaren erdigune bilakatu da. Bertan, Palestinaren aurkako genozidioa salatu eta herri horri elkartasuna adierazi diote herritar ugarik talde argazki batekin.