Dozenaka haurrek gogotsu jo dituzte barrilak eta danborrak. Udaletxe zaharraren paretik abiatuta, ohiko ibilbidea egin du haur danborradak erdiguneko kaleetan barrena, espaloietan zain zeuden herritarren begiradapean. Denen aurretik, bidea eginez, LOZETeko erraldoiak joan dira, eta desfilearen erdian, konpartsa.
Danbor hotsek lekukoa eman diote Jaizkibel plazan aurrera eramandako dantza lehiaketa eta minidiskoari. Hiru kategoriatan lehiatu dira eszenario gainean beraien mugimenduak erakutsi dituztenak: absolutua, juniorra eta infantila. Epaileek erabakia hartu bitartean, Amaia Caballero dantza eskolako neskato talde batek erakustaldia egin du.
Sari banaketaren ordu berean, DJ Nikoren emanaldia hasi da Isla plazan. Betiko abesti ezagunen doinura, gogotik dantza egin dute gutxika bertaratzen joan direnek. Lerroan jarrita aritu dira gehienak, baina bere kabuz aritzea nahiago izan dutenak ere bazeuden. Okendo plazan, berriz, Maruja Limon taldeak jarri du gorputza mugitzeko erritmoa.
.