Puzgarriak, bideojokoak, eskalada mekanikoa, buelta ematen zuen bizikleta... Herriko haur eta gazteek ederki gozatu dute Andatza plaza eta Loidibarren pilotalekuan zeuden parkeekin.
Lasterketa ederrak egin hal izan dituzte ere LOZETeko buruhandien aurretik. Eta erraldoiak dantza ugari egin dituzten Oaintxe in deu txarangaren doinuen laguntzaz. Eguerdi aldera Okendo plaza eta Kale Nagusian haur, heldu zein aitona-amona ugari bildu da konpartsaren inguruan.
Jaizkibel plazan, aldiz, Extremadurako giroa izan da. Brotes de la Encina taldea eta dantzariek emanaldi bikaina egin dute eta bitartean, plazara hurbildu direnek miga gozoak dastatu ahal izan dituzte.
Bestelako abestiak izan dira Okendo plazan. Zero Sette Jai Bandek rock doinuez bete du, hala nola, Joe Cocker edo Queen taldeen kantuak zein rock'n roll ezagunak entzun ahal izan dira.
Otaegiri omenaldia
Michelin kirol gunean, Ostadar SKTko kideek bola eta toka txapelketak antolatu dute. Goiz osoan zehar lehian egon ostean, Tokako sari nagusia eta emakumezkoena Martxeli Kanflankak eskuratu du; Javier Uli izan da lehen herritarra eta Josu Lasa bigarrena. Bola-jokoko garailea ez da oraindik erabaki.
Lehien tartetxo batean, taldekide Inaxio Otaegiri omenaldia egin dio Ostadarreko bola eta toka taldeak; urteak daramatza Otaegik kirol horretan. Josean Lasa eta Josean Montesen eskutik, plaka bat eta produktu sorta bat jaso du herritarrak.