San Pedro eguna izanik, herri meza izan da lehen egitekoa. Agustin Valdivia alkatea eta beste udal ordezkari batzuk lehen lerroan eseri dira, eta Alboka Abesbatzako kideek elizkizuneko zenbait kanta abestu dituzte korutik. Erketz Dantza Taldeko lagunek, berriz, Agurra dantzatu, eta amaieran, arkua osatu dute irteeran.
Eguerdian, lerro dantza erakustaldia Okendo plazan egitekoak baziren ere, euriaren ondorioz, Loidibarren frontoian aurrera eraman behar izan dute Biyak Bateko kideek. Leku aldaketak ez die gehiegi eragin eta gogotik dantza egin dute. Eguraldiak herri kirol erakustaldian ere eragina izan du, Elizatze plaza beharrean, pixka bat gorago gauzatu dute, aterpea baliatuta. Harri jasotzaileek eta aizkolariek zenbait lan egin dituzte itxituraren inguruan zeuden herritarren begiradapean.
Ohi bezala, patroiaren egunean, jaietako omendua aintzatetsi dute kultur etxean. Zero Sette akordeoi orkestra eta Lozeteko erraldoiak eszenarioan zain zituzten bertaratutakoek. Alkatearen aurkezpen hitzen ondoren, Makelur antzerki taldeko zenbait lagun igo dira oholtzara, antzezteko prestatu izan balira moduan jantzita. Haietako batek ezbehar txiki bat izan du eskailerak jaisten eta laguntza eman behar izan diote. Atzo beste ezusteko bat tarteko -soinu arazoak- ez zuten pregoia esaterik izan, hortaz, hori irakurri du aktoreetako batek. Ondoren, Maria Aguirre zuzendariak hitz egin du denen izenean, eta alkateak oroigarria eman dio, taldekide bakoitzari herriko armarridun zapi bana jantzi aurretik. Udal ordezkariek eta omenduek Lasarte-Oriako ereserkia abestu dute eta talde argazkia eginez amaitu dute ekitaldia.
Arratsalderako indarrak biltzeko onena, bazkari goxoa izan daiteke eta halakoa dastatzen ari dia Sasoeta Sasoian antolatutako herri bazkarian batu direnek. Karpa barruan, aterpean, paella izan dute gosea berdintzeko platera.