Eguraldi txarrari bizipozez aurre egin diote sorginek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 29a, 16:03

Zeru goibelak ez du Sorgin Jaien sua itzali. Bizipozaren akelarreak irri, kanta eta dantza egin dute haurrek Xumela koruak eta Oaintxe In Deu txaranga lagun. Askatasuna plazan, berriz, sorgin azokan bere lana salgai dute hainbat sortzailek.

Askatasuna parkeko etxebizitzen arkupean babes hartu dute sorgin azokako partaideek beraien mahaiak eta produktuak kokatzeko. Kuxkuxean, galdezka, erosketan... zenbait herritar bertaratu dira eskaintzaren berri izateko. Arratsaldera arte bertan izango dira pitxiak, loreak, poltsak, apaingarriak edota karikaturak saltzen, halakoak erosita sortzaileak babestu nahi dituztenen zain.

Aterpean aurrera eraman dute ere Bizipozaren akelarrea Porrotxek eta Marimototsek. Dozenaka haur eta gurasorekin batera, dantzan eta kantuan aritu dira. Nahi zutenek eskulanak egin edo margotzeko aukera zuten alboko mahaietan eta jaia amaitzean, Askatasuna parkeko haritzetan landatu dituzte margotutako ametsak. 

Gehienek, hala ere, pailazoekin jolasean aritzea nahiago izan dute. Une batean aurtengo Sorgin Jaiaken omendua batu zaie eta haiekin batera aritu dira. Oaintxe In Deu txarangak musika jarri du, Xumelak ahotsa, eta gainerakoek, bizipoza. 

Erlazionatuak