Chuleria, joder! eta UDA taldeen kontzertu indartsuek ireki dute ostiral gaua. Herritar ugari Jalgi Kafe Antzokian zeuden bitartean, beste batzuk ETS ikusteko tokia gordetzen ari ziren Okendo plazan, afaria jan bitartean. Bapo afaldu ostean atera dira baita ere danbor jotzaile, gastadore, kantinera eta ATLOren danborradan parte hartu ohi duten kide guztiak, ehundik gora. Geldialdi berezia egin dute Ormazabal loradendan, ehungarren urteurrenaren harira 'Donostiako Martxa' jota. Julen Ormazabalek gidatu ditu partaideak. Ehun ez, jende dezente gehiago joan da Okendora ETS ikustera, enparantza txiki utzi arte. Nostalgikoagoak direnak, bestalde, Jaizkibel plazara igo dira duela zenbait hamarkadetako abesti ezagunak abestera, I Love 80's Band taldearekin batera. Oraindik jaio gabe zeuden asko, aldiz, Oriarte Landaberriko gazte gunera joan dira, DJ Txurrurekin dantza egitera. Parranda luzatu dutenek DJ Latxirongak izan dute bidelagun Sorgin Jaien txosna gunean.