Taldeka izena eman dutenek, futbolean jokatu dute, baina modu berezian, kartulinazko kono batekin aurpegia estali eta beste aldeko zuloarekin bakarrik ikus baitzezaketen. Zailtasun horrexek eragin ditu zenbait bitxikeria eta barre. Bi gol lortu dituztenek irabazi dute partida, eta elkarren aurka aritu dira garailea erabaki arte.
Horren ondoren, Kita del Pare txarangak jarri du giroa, Okendotik abiatuta inguruko kaleetan barrena eginez.
Eta gauak emango duenaren aurretik, aldarrikapenak izan du bere tartea. Ekainaren 28a denez, Buruntzaldeko transmaribibolloen aldeko Hemen gaude manifestazioa aurrera eraman dute. Dozenaka herritar atera dira kalera, LGTBIQ+ bandera edota askotariko mezudun afixa eskuetan. Ibilbidean zenbait geldialdi egin dituzte bizitako egoeraren bat salatu edo lekukotzaren bat partekatzeko. Mobilizazioa plazan amaitu dute idatzi bat irakurrita; euren eskubideen aldeko aldarriez gain, Palestina ere izan dute gogoan.