Jarduera hori amaitu ondoren heldu da San Pedro Jaietako une berezietako bat. Goizeko txupinazioaren ostean, festak bigarren aldiz eztanda egin du arratsaldean helduen ekitaldian. Makelur antzerki taldeak txupinazoa jaurti du, eta suziria lehertuta, eztanda egin du festak. Pregoirik ez da izan aurten, baina herritarrek aldarrikapen bat baino gehiago eraman dituzte herriko plazara; Palestinako bandera ikusi ahal izan da airean txupinazoak iraun bitartean, eta Lasarte-Oriak Gaztetxea behar duela zioen afixa handi batek ere hartu du Okendo; LGTBIQ+ banderak gogoz astindu dituzte beste zenbaitek. Txupinazoari hasiera eman aurretik, eta gero, Gautxori eta Oaintxe in deu! txarangak ibili dira herrian barrena bazter guztiak girotuz.
Ostean, Dinbi Banda batukada taldea arduratu da festari jarraipena emateaz. Okendo plazatik abiatu da, eta erdiguneko hainbat txokoetan bildutako herritarrak dantzan jarri dituzte.
Isla plazan, berriz, Ibai Berriak talde ezaguna aritu da oholtza gainean; aurten gainera, ordutegi berria izan du; gaueko emanaldia izan beharrean, iluntzean eskaini dute kontzertua. Herritar dezente animatu dira dantzara, eta salsa, bachata eta pasodoble artean iluntze ederra igaro dute.